pregunta | respuesta |
---|---|
MANTENTZE OBRAK, UDAL ERREKERIMENDUAREN ONDORIOZ: eraikinean mantentze-obra batzuk egin behar dira, Udalak hori exijitu digulako, eta maizterrak esan dit obrekin hasten banaiz berak alde egingo duela. Hori egin al dezake? Kalte-ordainen bat exijitu al diezaioket kontratua amaitu aurretik alde egitegatik? |
Errentan dagoen etxebizitzan kontserbazio-obrak edo agintaritza eskudunak erabakitako obrak egiteak etxebizitza biziezin bihurtzen badute, errentariak kontratua eteteko edo atzera egiteko aukera izango du, baina inolako kalte-ordainik gabe. Kontratua eteteak ekarriko du, obrak amaitu arte, kontratuko epea geldiaraztea eta errenta ordaintzeko betebeharra etetea. Obrek ez badute etxebizitza biziezin bihurtzen, errentariak jasan egin beharko ditu, oso gogaikarriak izan arren, eta bitartean etxebizitzaren atal bat erabili ezinik geratu arren. Obrak hogei egun baino gehiago badirau, errenta murriztu egin behar da errentariak erabili ezin duen etxebizitzaren atalaren proportzioan. |
LEIHOAK ALDATZEA: alokatuta dudan etxebizitza bateko leihoak aldatu nahi ditut, oso zaharrak direlako eta ez direlako ondo ixten. Maizterrak esan dit ez duela obrarik nahi eta nauela etxean sartzen utziko hori egiteko. Horri uko egin al diezaioke? |
Kontserbazio-obra bat ezin denean geroratu errentamenduaren amaieraraino, maizterrak jasan egin beharko du, oso gogaikarria izan arren, eta etxebizitzaren atal bat bitartean erabili ezinik geratu arren. Obrak hogei egun baino gehiago badirau, errenta murriztu egin behar da errentariak erabili ezin duen etxebizitzaren atalaren proportzioan. Hala eta guztiz ere, maizterrak ez badu uzten etxebizitzan sartzen obra egiteko, beharrezkoa izango da baimenik eza ordezten duen agindu judizial bat lortzea. |
SUNTSIKETAK KONPONTZEA: ditudan maizter batzuek etxebizitza oso gaizki zaintzen dute, zurezko ate guztiak suntsitu egin dituzte. Esan diet konpondu egin behar dituztela eta esan didate ezetz, hori nire arazoa dela. Arrazoia al dute? Ezin diet exijitu konpon ditzatela? |
Kode Zibilaren 1.902 artikuluak adierazten duenez, ekintza baten edo omisio baten ondorioz beste bati kaltea egiten diona, errua edo zabarkeria egonik, eragindako kaltea konpontzera behartuta egongo da. Beraz, maizterrek ateak konpontzeko betebeharra dute. |
ERRENTA IGOERA, KONTSERBAZIO OBRAK EGIN DIRELAKO: etxebizitzan kontserbazio-obrak egin behar izan ditugu eta asko kostatu zaizkigu, fatxada osoa berritu behar izan da, lauza txikiak kalera erortzen zirelako. Maizterrari esan diot errenta igo egin beharko dudala konpentsatzeko, eta esan dit ezetz. Bidezkoa al da hori? Uko egin al diezaioke? |
Errentatzailea behartuta dago etxebizitza hitzartutako erabilerarako bizigarritasun-baldintza egokitan kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketa guztiak egitera, horren ondorioz errenta igotzeko eskubiderik gabe, konpondu behar den narriadura errentariari egotzi zaionean salbu. |