encabezamiento

listado.encabezamiento

categorias > Hiri errentamenduak > Obrak etxebizitza alokatu batean > Maizterraren aldetik
7 items found, showing from 1 to 5.[First/Prev] 1, 2 [Next/Last]
pregunta respuesta

BAINUONTZIA KENDU ETA DUTXA JARTZEA: bainuontzia kendu dugu, oso hondatuta zegoelako, eta dutxa berria jarri dugu. Jabeari ez genionez baimenik eskatu, uste genuelako hobekuntza begi bistakoa zela, errentamendu-kontratua ez betetzeagatik etxebizitzatik botatzearekin mehatxatu gaitu. Zer egin dezakegu? Bainuontzia berriro jartzera eta bainugela lehendik zegoen bezala uztera behartu al gaitzake?

Errentariak ezin ditu egin, errentatzailearen idatzi bidezko adostasunik gabe, etxebizitzaren edo altzarien, trastelekuen, garaje-plazen eta errentatzaileak finkaren osagarri gisa lagatako beste edozein barrundegi, errentan emandako espazio edo lagatako zerbitzuen itxura aldatzen duten obrak.

Kontratua suntsiarazteko eskumenari utzi gabe, obrak egiteko baimena eman ez duen errentatzaileak honako eskaera hau egin ahal izango dio errentariari kontratua amaitutakoan: gauzak lehengo egoerara itzultzea edo egindako aldaketa gordetzea, inolako kalte-ordainik jasotzeko aukerarik eman gabe.

Dena dela, errentariak errentatzaileari jakinarazi beharko dio, ahalik eta lasterren, etxebizitza hitzartutako erabilerarako baliagarri izateko moduko bizigarritasun-baldintzetan kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketak egin behar direla, eta horretarako errentatzaileari erraztasunak eman behar dizkio berak zuzenean edo izendatzen dituen teknikariek etxebizitzaren egoera egiaztatzeko. Edozein unetan, eta aldez aurretik errentatzaileari komunikatu ondoren, hurre-hurreko kalte bat edo deserosotasun larri bat saihesteko presakoak diren konponketak egin ahal izango ditu, baita errentatzaileari horien zenbatekoa berehala exijitu ere.

PERTSIANEN KONPONKETA: pertsianak ez dira ondo ixten. Jabeak esan du aztertu egin nahi dituela horiek konpontzera inor bidali baino lehen, guk gaizki erabiltzegatik edo pertsianen akats batengatik hondatu diren ikusteko. Hori egin al dezake? Aitzakia horrekin, horiek konpontzeari uko egin al diezaioke?

Etxebizitzaren ohiko erabilerarengatiko higadurak eskatzen dituen konponketa txikiak errentariaren kargura joango dira, eta ekintza baten edo omisio baten ondorioz beste bati kaltea egiten diona, errua edo zabarkeria egonik, eragindako kaltea konpontzera behartuta egongo da.

Bestalde, errentatzailea behartuta dago etxebizitza bizigarritasun-baldintza egokitan kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketa guztiak egitera, horren ondorioz errenta igotzeko eskubiderik gabe, konpondu behar den narriadura errentariari egotzi zaionean salbu.

Beraz, kasu honetan jabeak konponketaren premia, bere izaera eta zergatia egiaztatzeko, eta, horren arabera, konponketa ordaintzeaz arduratuko den pertsona zehazteko duen nahia, zilegi da.

Egiaztapen hori egitea ukatzen bazaio, konponketa ordaintzeko duen betebeharra egiaztatzen duten arrazoiak ezagutzea eragotziko lioke, eta beraz, ordaintzeari uko egin ahal izango lioke, arrazoi horiek behar bezala kreditatuta geratzen ez diren arte.

ETXEBIZITZAKO PINTURA: haur txikiak ditut, eta normala den bezala hormak zikintzen dituzte, horietan errotuladorearekin marrazten dute, eta abar. Jabeak esan dit nire betebeharra dela etxebizitza baldintza egokitan mantentzea, eta etxebizitza pintatu egin beharko nukeela. Hori exijitu al diezadake edo horren kostua niri jasanarazten saiatu al daiteke, berak zuzenean enkargatzen duen kasuan?

Bi printzipio gidarik arautzen dute gai hau, hala nola:

1.- Etxebizitzaren ohiko erabileragatiko higadurak eskatzen dituen konponketa txikiak errentariaren kargura joango dira.

- Ekintza baten edo omisio baten ondorioz beste bati kaltea egiten diona, errua edo zabarkeria egonik, eragindako kaltea konpontzera behartuta egongo da.

Beraz, deskribatu den kasuan, maizterrak kaltetuta dauden hormak konpondu beharko lituzke, eta ez badu hori egiten, jabeak konponketaren kostua exijitu ahal izango dio, berak ordaindu baldin badu.

MINUSBALIATU BATENTZAT EGOKITZEA: nire ama gurekin bizi da eta gurpil-aulkian dago, eta beraz ezin du etxebizitzan barrena mugitu. Ateen zabalera handitu beharko litzateke, pasilloan eta bainugelan heldulekuak ipini, eta abar. Nork ordaindu behar du erreforma horiek? Jabeari baimena eskatu beharko al zaio?

Errentariak, errentatzaileari aldez aurretik idatziz jakinaraziz, etxebizitza bere minusbaliatu izaerara edo bere ezkontidearen edo antzeko afektibitate-harremanarekin iraunkorki berarekin bizi den pertsonaren (bere sexu-orientazioa edo berarekin bizi diren senitartekoena edozein izanik ere) minusbaliatu izaerara egokitzeko beharrezkoak diren obrak egin ahal izango ditu.

Errentaria, kontratua amaitzen denean, etxebizitza lehengo egoeran uztera behartuta dago, errentatzaileak hori eskatzen badu.

Beraz, jabeari idatziz jakinarazi behar zaio eta obrak maizterrak ordaindu behar ditu.

TABIKEAK ALDATZEA: alokairuan bizi naiz. Sukaldeko tabikea bota eta egongelarekin komunikatu nahiko duke. Egin al dezaket hori jabearen baimenik gabe?

Ez, guztiz ezinbestekoa da, kasu honetan, errentatzailearen adostasuna lortzea, eta gainera adostasun hori idatziz ematea. Idatzizko adostasun hori gabe jardunez gero, errentatzaileak kontratua suntsiarazi ahal izango du eta gauzak jatorrizko egoerara itzul daitezen exijitu dezake edo bestela erreformarekin gera daiteke inolako kalte-ordainik ordaindu gabe.