pregunta | respuesta |
---|---|
TERRAZAK ETA HEZETASUNAK. Gure eraikinaren azken solairuak terraza eder bat dauka, aldi berean teilatu gisa balio duena, eta dagokion etxebizitzatik bakarrik sar daiteke bertara. Dirudienez, beheko etxepekoak pitzadurak eta hezetasunak ditu sabaian, terrazaren azpian hain justu, eta haren ustez Erkidegoa da kalte horiek konpondu behar dituena, hala ere, gure ustez, goiko etxebizitzaren jabeak egin eta ordaindu behar du konponketa, bera baita terrazaren jabea. Nork du arrazoia? |
Lehenik, terraza etxepekoaren elementu pribatiboa den edo, haren etxebizitzatik bakarrik sar daitekeen arren, elementu komuna den zehazteko, errazena zera da, etxebizitzaren deskribapena kontsultatzea (informazio hori etxebizitzaren eskrituretan jasotzen da) eta horri buruz zer esaten duen egiaztatzea da. Hala ere, konponketa hori nork ordaindu behar duen zehazterakoan sortzen da dilema. Izan ere, aditu batek (arkitektoa edo aparejadorea) horretarako egindako txosten batean jasotakoan oinarritu beharko da erabakia. Horrela, obrak egin aurretik, adituak terrazaren egoera ikusi eta aztertu beharko du, narriaduraren kausa zehazteko eta, beraz, gastuak nork ordaindu beharko dituen zehazteko: - Kausak denboraren ondorioz sortu badira, eta naturalak eta espontaneoak badira, Erkidegoa izango da konponketa ordaindu beharko duena. - Jabeak terraza gaizki edo modu desegokian erabiltzetik ondorioztatu badira kalteak (eusten duen zorua zulatzen duten altzariak erabiltzea, hustubideak emokatzea errazten duen garbiketarik eza, terraza putzuz betetzea eraginez, eta abar), hark ordaindu beharko du konponketa. - Eta, azkenik, kausak mistoak izatea gerta daiteke, kasu horretan, ahal duen neurrian erantzukizunaren ehunekoa zehazten saiatuko da aditua, ordainketa ehuneko horren arabera egiteko. Hala ere, gogora ezazu, narriaduraren sorburua edozein izanik, Erkidegoak zuzendu beharko dituela konponketa-obrak beti, material horiek manipulatzeko baimena duen bakarra delako. |
KOEFIZIENTEA ETA GASTUAREN INDIBIDUALIZAZIOA. Gure eraikinaren fatxada konpontzea aurreikusi dugu, eta etxebizitza bakoitzarentzat itundutako koefizientearen arabera, denek kopuru berbera ordaindu behar dugu. Hala ere, ez dut uste hori bidezkoa denik, etxebizitzen erdiaren fatxada-azalera beste erdiarena baino askoz handiagoa delako. Kasu honetan indibidualizagarria kontzeptua aplikatzeko aukerarik dago, etxebizitza bakoitzaren fatxada-azalera neurtuz? |
Zure galderan azaldutakoaren arabera, Erkidegoko kide guztiek koefiziente bera duzuela ondorioztatzen dugu, eta, beraz, denek kopuru berbera jarri beharko duzue, etxebizitza bakoitzaren fatxada-azalera kontuan hartu gabe. Bestalde, adierazi duzun gastuaren indibidualizazioari dagokionez, eta Jabetza Horizontalaren Legean jasotakoan oinarrituta, esan beharra dizugu kasu honetan ezin dela inolaz ere aplikatu. |
ETXEBIZITZAN SARTZEA. Matxura bat gertatu da eraikinaren zorroten batean, eta iturginak esan du konpontzeko prozesua askoz errazagoa izango litzatekeela bigarren solairuko eskuineko etxebizitzan sartuko balitzateke. Hala ere, baimena eman dezan behin eta berriz saiatu garen arren, etxebizitza horren jabeak ez dio iturginari sartzen utzi nahi. Sartzen uztera behartzeko modurik dago? |
Printzipioz, Jabetza Horizontalaren Legeak ezartzen duenez, etxepekoek higiezinaren zerbitzuak behar dituen konponketak onartu behar dituzte beren etxebizitzetan edo lokaletan, eta, aldi berean, konponketa horiek gauzatzeko beren etxebizitzan edo lokalean sartzen uztera behartzen ditu. Hortaz, ikuspuntu horren arabera, eta etxepekoa horren aurka dagoen arren, kasu horretan iturginari sartzen uztera behartua egongo litzateke. Hala ere, etxebizitzak babes berezi bat dauka, Eratzeak etxebizitzaren bortxaezintasuna bermatzen baitu, eta, beraz, etxepekoak horren aurka jarraitzen badu, baliteke epailearengana joan behar izatea haren etxebizitzan sartzen uztera behartzeko. Ildo horretan, jakin beharra duzue prozesu-legeak izapide jakin batzuk biltzen dituela, eta horien bitartez epaileak auzia amaitu aurretik etxepekoaren aurkakotasuna ezabatzeko ahalmena duela, izan ere, prozesua amaitu arte itxaron behar izanez gero, kalte konponezinak edo konpontzeko oso zailak sor daitezke. |
LARRIALDI KOMUNITARIOAK. Joan den abuztuan uholde handiak izan ziren garajeetan. Egoeraren larritasuna ikusi ondoren, eta eraikineko etxepeko gehienak oporretan zeudela aintzat hartuta, eraikinean geunden gutxiek Erkidegoan lan egin ohi duen iturginari deitzea erabaki genuen, hondamendia konpontzeko, eta hala egin genuen. Iturginak lana egin ondoren, dagokion zerbitzu-orria aurkeztu zigun, eta nik sinatu nuen. Hala ere, orain Erkidegoak esan du konponketaren zenbatekoa ordaintzeari uko egiten diola, konponketa askoz diru-kopuru txikiagoarekin egin zitekeela jakin dutelako (dirudienez, egia da), eta, gainera, konponketa egiteko erabakia ez zuten beraiek hartu. Lan guztia nire gain hartu ondoren, gerta liteke nik faktura ordaindu behar izatea? |
Adierazitakoaren arabera, ez zenukete arazorik izan beharko, izan ere, Jabeen Batzordeak erabakitako obrak bakarrik egin daitezkeela egia bada ere, batzordea bildu arte itxarotea ezinezkoa den eta obrak lehenbailehen egin behar diren salbuespenezko kasuak egon daitezkeela ere biltzen du arau horrek, zure kasua esate baterako, etxepekoak oporretan zeuden eta. Era berean, agertutako etxepekoek ohiko iturginari deitzea erabaki zenuten, eta, beraz, ezin dizuete esan profesional txarrak hautatu dituzuela edo horien aukeraketan interesik duzuela. Hortaz, bi aukerak aztertu ondoren, ondoriozta dezakegu ezin dizutela inongo jardun txarrik egotzi. Hori oinarritzat hartuta, Erkidegoak frogatu egin beharko du konponketa hori benetan kostu txikiago batekin egin zitekeela, eta horrekin batera aditu-txosten bat aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, ondorioak edozein izanik, ezin dute inoiz zugan eraginik izan: konponketa ondo egin bazen eta behar bezala fakturatu bazen, Erkidegoak faktura ordaindu beharko luke. Aldiz, iturgintzako enpresak gaizki jardun duela ondorioztatzen badute, Erkidegoak berak uko egin beharko lioke ordaintzeari eta, are gehiago, auzitegira eraman dezake enpresa hura, baina beti Jabeen Erkidegoaren izenean, zu alde batera utzitako partikular gisa geratuz. |
ERKIDEGOKO MAILEGUA. Fatxada konpondu behar dugu eta egin diguten aurrekontuaren arabera 20. 000 euro kostako da. Etxepeko askok konponketa ordaintzeko dirua ez dutela kontuan hartuta, azken Batzarrean Jabeen Erkidego osoaren izenean mailegu bat eskatzea erabaki zen. Hala ere, ezetz bozkatu nuen, ez bainago batere ados erabaki horrekin. Mailegua eman digun finantza-erakundeak esan du ordaintzen ez badugu erantzukizuna etxepeko guztiena izango dela, gutako askok puntualki ordaintzen dugun arren. Zer gerta daiteke etxepekoren batek ez badu ordaintzen? Denek erantzun beharko genuke? |
Lehenik, adierazi beharra dugu Jabeen Erkidegoko kideek elementu komunen konponketaren edo mantentze-lanen ordainketan laguntzeko betebeharra dutela, eta fatxada elementu komun bat da. Hala ere, legeak ez du ezartzen ordainketa hori egiteko modua, eta, beraz, ezin dizute debekatu dagokizun kopurua diruz ordaintzea eta bestelako kargak saihestea. Eta bigarrenik, maileguaren baldintzei dagokienez, kontuan izan behar duzu finantza-erakundeei ez zaiela gustatzen Jabeen Erkidegoei dirua mailegatzea, izaera juridikoa ez dutelako eta, edozein zirkunstantziagatik ordaintzen ez badute, erakundeak ezingo dielako ondasunik enbargatu, gainera, azken prozesu hori oso konplexua da Etxepekoen Erkidegoen kasuan. Horren ondorioz, normalean finantza-erakundeak nahiago du pertsona fisikoekin aritzea, dagokion unean horien ondasunen gainean jardun dezakeelako. Hala ere, gauzak zailagoak bihurtzen dira guztizko maileguaren gainean mailegu-hartzaile bakoitzak duen erantzukizunaren baldintzak markatzerakoan, ez baitu onartzen mailegua mankomunatua izatea, hau da, bakoitzak mailegatutako zenbatekoaren gainean bakarrik erantzutea. Erakundeak erantzukizun solidarioa ezartzen du, eta, beraz, ordaintzen ez bada, edozein mailegu-hartzaileren aurka jardun ahalko du. Hori da mailegu horien arriskua, zuk adierazi bezala. Hortaz, zera gomendatzen dizugu, mailegu hori eskatzeko hartutako erabakia aurkaratzea eta Erkidegoko kideei ohartaraztea adierazitako formulak etxepekoentzat arazoak ekar ditzakeela, izan ere, gerta liteke etxepekoren batek dagokiona ez ordaintzea eta gainerakoek haren izenean erantzun behar izatea. |