pregunta | respuesta |
---|---|
SUBROGAZIOA ETA DIBORTZIOA: alokairuko etxebizitza batean bizi ginen, dibortziatu egin gara baina oraindik ez daukagu behin betiko ebazpen judiziala. Jabeak esan dit nik etxebizitza utzi behar dudala, kontratua nire senar ohiaren izenean zegoelako. Ezin al dut nik jarraitu? |
Errentariaren dibortzioaren kasuan, errentaria ez den ezkontideak errentan dagoen etxebizitza erabiltzen jarraitu ahal izango du bere alde esleitzen badiote, baina haien titular ez zen ezkontideari erabiltzea dagozkion etxebizitza edo beste ondasun batzuk erabiltzeko, beharrezkoa izango da jabearen adostasuna edo, bestela, oso behin-behineko neurrien edo behin-behineko neurrien autoan edota epaian emandako baimen judiziala. Ezkontideak etxebizitzaren erabilerarekin jarraitu nahi duela errentatzaileari komunikatu beharko zaio dagokion ebazpen judiziala jakinarazten denetik bi hilabeteko epearen barruan, ebazpen judizialaren kopia edo etxebizitzaren erabilera aipatzen duen haren zatiaren kopia gaineratuz. |
JABEARI SUBROGATZEKO ASMOA EZ KOMUNIKATZEA: duela hilabete batzuk gurekin bizi zen eta alokairu-kontratuaren titularra zen gure aitona hil zen, eta nire gurasoek jabeari ezer ez ziotenez adierazi, hark esan die kontratua amaitu dela eta etxebizitza utzi behar dutela. Zer egin dezakegu hori eragozteko? |
Errentaria hiltzen denetik hiru hilabeteko epean ez bazaio errentatzaileari idatziz jakinarazten heriotza hori gertatu dela, erregistroko heriotza-ziurtagiriarekin eta kontratua subrogatu nahi duenaren nortasunarekin, hildakoarekin zuen ahaidetasuna adieraziz eta, kasu horretan, subrogatzeko legezko betekizunak betetzen dituela frogatzen duen agiria eskainiz, errentamendua amaitu egiten da. Beraz, zure kasuan, errentamendua amaitu egin da eta etxebizitza utzi behar duzue. |
ALARGUNAREN SUBROGAZIO AUTOMATIKOA?: duela gutxi gure aita hil da eta gure amak alokatuta zeukaten etxebizitzan bizitzen jarraitu nahi du. Kontratua bion izenean zegoen. Ezer egin behar al dugu? Jabeak uko egin al diezaioke? |
Bai, zure amak bera bakarrik kontratuan subrogatzeko asmoa adierazi beharko du. Subrogazioa egiteko, zuen aitaren heriotzaren ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan errentatzaileari idatziz jakinarazi beharko dio bere senarra hil dela, erregistroko heriotza-ziurtagiria gaineratuz eta kontratuan subrogatzeko asmoa berretsiz. Ez badu hori egiten, errentamendua amaituta geratuko litzateke hiru hilabeteko epe hori igaro ondoren. |
SEME-ALABAK DITUEN IZATEZKO BIKOTEKIDEAREN SUBROGAZIOA: duela gutxi nire bikotekidea hil da, zenbait urte generamatzan izateko bikote gisa bizitzen eta elkarrekin bi seme-alaba genituen. Alokairu-kontratua bere izenean zegoen arren, nik jarraitu al dezaket etxebizitzan? |
Bai, Hiri Errentamenduen Legeak ezartzen du kontratua subrogatu ahal izango duela errentariarekin iraunkorki eta ezkontidearen parekoa den afektibitate-harremanean bizi izan den pertsonak, sexu-orientazioa edozein izanik ere, baldin eta heriotzaren aurreko bi urteetan bizi izan bada, elkarrekin seme-alabak izan dituztenean salbu, kasu horretan elkarbizitza soila nahikoa izango baita. Beraz, nahikoa izango da zure bikotekidearen heriotzaren ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan errentatzaileari komunikatzea eta heriotza dagokion ziurtagiriarekin frogatzea. |
SUBROGATZEKO LEHENESPENEZKO ORDENA: gure aita hil egin da eta gure amak esan du ez duela kontratu-nahaspilarik nahi eta nahiago duela alokairu-kontratuan hiru anai-arrebak subrogatzea. Baimenduta al dago aukera hori, ala nahitaez ordena bat errespetatu behar al da? |
Subrogazio hori egin daiteke, errentariaren ondorengoak hura hil zenean haren guraso-agintearen edo tutoretzaren pean bazeundeten, edo hura hil aurreko bi urteetan normalean harekin bizi izan bazineten. Bestalde, hurrenkera-ordena bat dago subrogatu ahal izateko, subrogatzeko eskubidea duten hainbat lagun baldin badaude eta ez bada denon artean akordio bat lortzen subrogazioaren onuradun izango denari buruz. Ondorengoen eta aurrekoen artean, lehentasuna izango du mailaz hurbilen dagoena, eta hirurogeita hamar urtetik gorako gurasoek ondorengoekiko lehentasuna izango dute. Berdintasun-kasuak 100eko 65eko edo goragoko minusbalioa duenaren alde ebatziko dira, egoera hori ezean, familia-karga handiagoak dituenaren alde, eta azken instantzian, adin txikiena duen ondorengoaren, adin handiena duen aurrekoaren edo anai-arreba gazteenaren alde, ordena horretan. |