encabezamiento

listado.encabezamiento

categorias > Hiri errentamenduak > Bukatzea y azpierrentamendua
5 items found, showing all items.1 page
pregunta respuesta

ETXEBIZITZARENA EZ DEN ERABILERARAKO AZPIERRENTAN EMATEA: alokatuta dudan etxebizitza batean lekua soberan dut eta adiskide batek eskatu dit gela bat azpierrentan emango ote diodan bertan bere bulegoa ipintzeko. Alokairu-kontratuan azpierrentan emateko baimenduta nagoenez gero, hori egin al dezaket besterik gabe? Jabeari jakinarazi behar al diot?

Errentan hartutako etxebizitza soilik partzialki eman daiteke azpierrentan, betiere aldez aurretik errentatzaileak adostasuna idatziz eman ondoren edo errentamendu-kontratuan esanbidez eman bada azpierrentan emateko baimena, azaldu duzunaren arabera zu azken kasu horretan egonik.

Baina azpierrentan emandako finkaren zati hori azpierrentariak etxebizitzarena ez den erabilera batera destinatuko badu, jabeari jakinarazi beharko diozu eta, kasu horretan, azpierrentamendua bi alderdiek ituntzen duzuenaren arabera arautuko da.

AZPIERRENTAMENDUA, MAIZTERRAREN HERIOTZAREN ONDOREN: etxebizitza batean azpierrentan geunden, sukaldea erabiltzeko eskubidearekin, eta ez zegoen inolako arazorik. Baina azpierrentan eman zigun maizterra duela gutxi hil egin da, eta orain jabeak esan digu etxebizitza utzi egin behar dugula. Etxebizitza uztera behartuta al gaude?

Azpierrentariaren eskubidea amaituko da, edozein kasutan, azpierrentamendua egin zuen maizterraren eskubidea amaitzen denean. Errentariaren heriotzak errentamendu-kontratua eta, ondorioz, azpierrentamendu-kontratua amaitzea ekar dezake.

Zuen kasua, dirudienez, hori baldin bada, etxebizitza uztera behartuta zaudete.

AZPIERRENTARIAK ETXEBIZITZAN KALTEAK EGITEA. Etxebizitzaren zati bat azpierrentan emanda nion familia bati, baina etxea ez zuten batere ondo zaintzen eta kalte asko eragiten ari ziren, eta horregatik akordioa hautsi genuen eta etxebizitza utzi arazi nien. Baina orain jabeak eskatu dit haiek eragindako kalteak nik konpontzeko, eta nik esan diot haiei erreklamatzeko. Nork du arrazoia kasu honetan? jabeak ala nik?

Errentamenduko eta azpierrentamenduko kontratuak gainjartzen direnez gero, errentaria azpierrentan emandako etxebizitzaren zatiarekiko erantzule da errentatzailearen aurrean, eta ondorioz, baita azpierrentariak eragindako kalteen erantzule ere. Dena dela, errentariak ondoren azpierrentariaren aurka zuzeneko ekintza eragin dezake, bere erruarengatik ordaindu behar izan dituen zenbatekoak erreklamatzeko.

Beraz, jabeak arrazoia du, berak erabaki dezakeelako noren aurka erreklamatuko duen, baina errentariak era berean azpierrentariaren aurka erreklamatu ahal izango du.

BAIMENIK GABE LAGATZEA: laneko arrazoiak zirela medio nire bizilekutik alde egin behar nuen bi urtez. Alokairuan nengoenez, etxebizitza adiskide bati laga nion eta orain berak errenta ordaintzen dit eta nik jabeari ordaintzen jarraitzen dut. Jabeak lagapenaren berri izan du eta esan dit ezin nuela etxebizitza laga bere baimenik gabe, eta kontratua deuseztatuko duela eta desalojatu araziko nauela mehatxatu dit. Ba al du hori egiteko eskubiderik?

Bai, errentan dagoen etxebizitza jabearen adostasunik gabe lagatzen bada kontratua suntsiarazi daiteke.

ERRENTAREN PREZIOA GAINDITZEN DUEN AZPIERRENTAMENDUA: aspaldidanik langabezian nago, eta erabaki nuen sei logela dituen etxe handi bat, zaharretakoa, alokatzea, eta ondoren beste bost logelak beste pertsona batzuei azpierrentan ematea, era horretan diru pixka bat irabazteko. Jabeari hori egingo nuela adierazi nion kontratua sinatu genuenean, eta azpierrentamendu horiek egiteko baimena eman zidan. Baina orain esan didate egiten ari naizena legez kanpokoa dela eta azpierrentamenduen zenbatekoen baturak ezin duela izan ni ordaintzen ari naizen errenta baino handiagoa. Hala al da?

Bai, Hiri Errentamenduen Legeak ezartzen du azpierrentamenduaren prezioak ezin duela gainditu, inola ere, errentamenduaren prezioa. Beraz, azpierrentariak erreklamatu dezake azpierrentamenduaren prezioa jaisteko eta behar ez bezala kobratu diren kopuruak itzultzeko.