encabezamiento

listado.encabezamiento

categorias > Hiri errentamenduak > Ukamena maizterraren aldetik
4 items found, showing all items.1 page
pregunta respuesta

JABEAK ETXEBIZITZA EZ PRESTATZEA: duela bi hilabete alokairu-kontratu bat sinatu genuen baina etxebizitzak zenbait arazo zituen (ez du funtzionatzen berokuntzaren eta ur beroaren galdarak, hozkailua oso hondatuta dago, zenbait pertsiana trabatuta daude, eta abar). Jabeak hitza eman zigun dena berehala konponduko zuela, baina ez du ezer egin egunero konpon ditzala eskatu diogun arren, eta dagoeneko nazkatu gara. Etxebizitza behar dugu eta ezin dugu gehiago itxaron. Kontratua deuseztatutzat eman eta etxebizitza utzi al dezakegu?

Jabearen lehen betebeharra etxebizitza bizigarri bat entregatzea da. Bizigarritasuna bi ezaugarriren batura gisa ulertu behar da: batetik duintasuna, hau da, etxebizitzak gutxieneko osasungarritasun- eta intimitate-baldintzak betetzea gizakiarentzat bizileku gisa baliagarri izateko, eta bestetik egokitasuna, hau da, gure gizartean onartzen diren gutxieneko estandarren arabera etxebizitzan bizi direnen beharrizanei aurre egiteko ezinbestekoak diren gutxieneko zerbitzuak eta hornidurak edukitzea.

Etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren funtsezkoa betekizun bat da bizigarritasuna, kontratua sinatzen den unean eta kontratuaren iraunaldi osoan existitu behar duena.

Beraz, bizigarritasun-betekizun hori ezean, kontratua deuseztatutzat eman daiteke eta eraginik gabe utzi daiteke.

Horrez gain, errentatzailea behartuta dago etxebizitza hitzartutako erabilerarako bizigarritasun-baldintza egokitan kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketa guztiak egitera, horren ondorioz errenta igotzeko eskubiderik gabe, konpondu behar den narriadura errentariari egotzi zaionean salbu.

Errentatzaileak ez baditu konponketa horiek egiten, errentariak kontratua suntsiarazi dezake eta, ondorioz, etxebizitza utzi dezake jabeari inolako kalte-ordainik ordaindu behar gabe.

BERRITU DEN URTEKO EPEA EZ BETETZEA: joan den hilean kontratua berritu genuen urtebeterako, eta orain ezusteko bat sortu zaigu eta etxebizitza utzi behar dugu. Jabeak exijitu al diezaguke urte osoa ordaintzeko?

Kasuen arabera. Lehenik eta behin kontratua aztertu behar da, bertan maizterrak bere kabuz atzera egiteko ahalmena duela ezarri ote den jakiteko, eta hala bada, itundutakoa bete beharko da.

Ez badago inolako itunik:

1.- Kontratuaren iraupena bost urtetik beherakoa baldin bada, eta errentariak epea amaitu baino lehen atzera egiten badu, kontratua betetzera behartuta dago itundu den epea osorik bete arte.

- Itundutako epea bost urtetik beherakoa baldin bada eta elkarren segidako luzamenduen sistema aplikatzen ari badira bost urteak bete arte, maizterrak onartu den eta hasita dagen azken luzamenduaren iraupen osoa bete behar du.

- Kontratuak bost urtetik gorako iraupena baldin badu, baina ez badira igaro bere indarraldiaren bost urte gutxienez, maizterrak bost urteko epea amaitu arte erantzun beharko du.

4.- Bost urtetik gorako iraupena itunduta duten errentamenduetan, maizterrak kontratuan atzera egin ahal izango du, gutxienez bost urtez iraun badu, eta amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago dagokion aurreabisua ematen badio errentatzaileari.

Alderdiek kontratuan itundu dezakete errentariak atzera egiten badu errentariari kalte-ordain bat eman beharko diola, betetzeko falta den kontratuaren urte bakoitzeko indarrean dagoen errenta-hilabete bateko zenbatekoa ordainduz. Urtetik beherako denboraldietarako, kalte-ordaina zati proportzionalaren araberakoa izango da.

ETXEBIZITZA UZTEA LANA ALDATU DUDALAKO: bost urteko alokairu-kontratua dut sinatuta, baina beste leku batean lana lortu dut eta bizilekuz aldatu behar dut. Etxebizitza utzi al dezaket, bost urteak oraindik bete ez diren arren? Jabeak kalte-ordainen bat exijitu al diezadake?

Kontratuan ezarri bada maizterrak bere kabuz atzera egiteko ahalmena duela, ez da inolako arazorik egongo zuk nahi duzunean atzera egiteko, horrela ez bada, kontratua bost urterako baldin bada eta ez bada epea bete, data hori iritsi arte erantzun beharko duzu, eta horregatik hobe da jabearekin akordio batera iristea, esate baterako etxebizitza berriro alokatzen duen unera arte konpentsazio bat emanez.

ETXETRESNA ELEKTRIKOAK EZ MANTENTZEA: lau urte daramazkigu etxebizitza batean alokairuan, eta duela hiru hilabete gas-galdara hondatu zen eta teknikariak esan du oso zaharra dela eta aldatu egin behar dela. Jabeak esan du berak ez duela aldatuko. Bi haur txiki ditugu eta ezin dugu horrela jarraitu. Etxebizitza utzi al dezakegu, besterik gabe? Ba dugu fidantza berreskuratzeko eskubiderik?

Errentatzailea behartuta dago etxebizitza hitzartutako erabilerarako bizigarritasun-baldintza egokitan kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketa guztiak egitera, horren ondorioz errenta igotzeko eskubiderik gabe, konpondu behar den narriadura errentariari egotzi zaionean salbu.

Errentatzaileak ez baditu konponketa horiek egiten, errentariak kontratua suntsiarazi dezake eta, ondorioz, etxebizitza utzi dezake jabeari inolako kalte-ordainik ordaindu behar gabe.

Fidantza errentatzailearen aldeko berme bat da, errentaren kobrantza eta finkak jasan dituen eta errentariari egoztekoak diren narriaduren konponketa bermatzeko, eta beraz, fidantza berreskuratzeko ez da errentamendu-kontratutik eratorritako inolako zorrik eduki behar errentatzailearekin.