pregunta | respuesta |
---|---|
IGOGAILUA INSTALATZEA: maizter gauden (bosgarren solairuan) eraikinean igogailua jarri berri dute eta jabeak esan digu guk ordaindu behar dugula, igogailuaren instalazioari etekinik handiena guk aterako diogulako. Zuzen al dago jabea? Guk ordaindu behar al dugu igogailuaren instalazioa? |
Ez, errentatzaileak kontratuaren iraupenaren bost urte igaro ondoren (epe hori ez bada igaro, ezin du ezer erreklamatu) hobekuntza-obrak egiten baditu, eskubidea izango du, aurkako itunik ezean, urteko errenta igotzeko, hobekuntzan inbertitu duen kapitalari obrak amaitu diren unean diruaren legezko interes-tasa hiru puntutan handituta aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan, eta igoera horrek ezin du gainditu une hartan indarrean zegoen errentaren 100eko 20. Inbertitu duen kapitala kalkulatzeko, obra egiteko lortu dituen diru-laguntza publikoak deskontatu beharko ditu. Errenta-igoera, obrak amaituta egonik errentatzaileak errentariari igoeraren zenbatekoa idatziz jakinarazten dion hilabetearen hurrengo hilabetetik egingo da, errentatzaileak igoera hori egiteko kalkuluak zehaztuz eta egindako obren kostua egiaztatzen duten dokumentuen kopiak aurkeztuz. |
ERKIDEGOKO GASTUAK: kontratuak ez du esaten Erkidegoko gastuak guk ordaindu behar ditugunik, baina jabeak esaten du deus ere jartzen ez duen arren gastu horiek beti maizterraren erantzukizuna direla. Zuzen al dago jabea? Ordaindu behar al ditugu? |
Ez da egia gastuek beti maizterraren kontura joan behar dutenik. Alderdiek itundu dezakete higiezinaren euspen egokirako eta banandu ezin diren eta errentan emandako etxebizitzari edo bere osagarriei dagozkien zerbitzu, zerga, karga eta erantzukizunetarako gastu orokorrak errentariaren kargura joatea. Baina baliozkoa izateko, itun hori idatzita jaso behar da eta kontratuaren datan gastu horien urteko zenbatekoa zehaztu behar da, eta ez bada horrela egiten, ituna deuseza da eta ezin da bertan ezarritakoa exijitu. |
ERANTZUKIZUNA JABEEN ERKIDEGOAREN AURREAN: alokatuta dudan etxebizitzaren jabeak hilabete batzuk daramatza Erkidegoko kuota ordaindu gabe eta hori ez dut batere atsegin, nik errenta dagokion egunean ordaintzen dudalako eta badirudielako bizilagunek errua niri botatzen didatela. Ordaindu al ditzaket nik ordainagiriak, eta gero errentatik deskontatu? |
Zure kasuan, kopuru horien ordainketa jabearen eskumen bakarra eta esklusiboa da, eta ez zurea. Hala eta guztiz ere, Kode Zibilak ezartzen du ordainketa edozein pertsonak egin dezakeela, betebeharra betetzeko interesatuta egon nahi ez, zordunak horren berri izanik eta baimena emanez, baita baimenik eman gabe ere. Jakin behar duzu beste baten kontura ordaintzen duenak gero hari erreklamatu ahal izango diola bere izenean ordaindu duena, baina, ordainketa hori errentatik deskontatuz konpentsatu ahal izateko beharrezkoa litzateke kreditu konpentsagarriak legez, kontratu bidez edo aurreko ebazpen judizial baten bitartez onartuta egotea, eta hori lortzea nahiko korapilatsua izan daiteke. |
ASPALDIKO ZORRAK ERKIDEGOAREKIN: aurreko maizterrak hainbat hilabeteko "e;zorra"e; utzi zion jabeari, eta ez zizkion ordaindu ez errenta ezta erkidegoko gastuak ere. Gure kontratuak erkidegoko gastuak guk ordaindu behar ditugula adierazten duenez, jabeak esaten du guk ordaindu behar ditugula gutxienez ere azken urteko ordaindu gabeko ordainagiriak. Hala al da? |
Ez, jabeen erkidegoaren aurrean erkidego-gastuen erantzulea jabea da beti, jabeak errentamendu-kontratuan ezarritako kopurua erkidego-gastu kontzeptupean maizterrari erreklamatzeko duen ahalmena bazter utzi gabe. Baina hori, edonola ere, kontratua egiten den unetik aurrera, inoiz ere ez beste maizter batek edo jabeak utzitako aurreko zorren kontzeptupean. |
ETXETRESNA ELEKTRIKOEN KONPONKETA: hainbat hilabete daramatzagu hozkailua hondatuta dagoela, jabeari esan diogu eta ez du konpondu nahi, esan digu hori gure arazoa dela. Nork ordaindu behar du konponketa? Ordaindu al dezakegu guk, eta gero errentatik deskontatu? |
Konponketa maizterrak edo jabeak ordaindu beharko du, matxuraren zergatiaren arabera. Zergatia erabilera desegokia bada edo etxebizitzaren ohiko erabilerak dakarren higadurak eragiten duen konponketa txiki batekin konpondu badaiteke, errentariak ordaindu beharko du, bestelako kasuetan, ordainketa jabeari dagokio. Zorrak konpentsatzeko (errentatik deskontatzeko) beharrezkoa da kreditu konpentsagarriak legez, kontratu bidez edo aurreko ebazpen judizial baten bitartez lortu izatea, eta ez daitezela izan alde bakarreko pretentsio soilak, inolako berrespen motarik gabe, hemen gertatzen zen bezala, zuk errentatik kontzeptu hori deskontatzen baduzu. |