Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Lege Proiektuak etxebizitza izateko eskubide subjektiboa eta etxebizitzaren gizarte funtzioa onartzen ditu

Gobernu Kontseiluak Etxebizitza Lege Proiektua, gaur ekainak 5, onetsi du. Euskadiko Etxebizitza Legearen asmoa Konstituzioan jasotzen den etxebizitza eskubide kontzeptua eta Autonomia Estatutuan ezarritako eskumena garatzea da. Horrez gain, Euskadin Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren ondorioa da. Euskal erakundeetako eta gizarte eta ekonomia arloko 80 eragilek sinatu dute. Horrez gain, beste helburu bat, araudi zabalari eta anitzari nolabaiteko ordena ematea da.

Legearen helburu nagusia, herritarrek etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea gauzatzeko behar diren baldintzak bultzatu eta arauak ezartzea da, eta printzipio hori, etxebizitza izateko zailtasun handiak dituzten pertsonek epaitegietan exijitu ahal izango duten benetako eskubide bihurtzea.

Horrez gain:

  • Babes Publikoko Etxebizitzaren araubide juridikoa araupetzen du
  • etxebizitzarako laguntzaren alorrean dauden prestazio publiko sistemak berriro formulatu eta antolatzen ditu, etxebizitzari buruzko prestazio guztiak integratuz
  • hiri birgaitze eta biziberritze alorreko esku hartzea araupetzen du, hori baita Euskadiko etxebizitza politikaren ildo nagusietakoa
  • “etxebizitzak duen gizarte funtzio” kontzeptuaren nondik norakoa definitzen du

Etxebizitzaren eskubide subjektiboa ezartzen du

Proiektuak baditu hainbat berrikuntza. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: etxebizitzaren eskubide subjektiboa ezartzen du.

Legeak, etxebizitza baten legezko okupazio egonkorrerako eskubidea berariaz jasoko du, eskubide subjektibo gisa, etxebizitza duina eta egokia izan gabe, hori eskuratzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonen alde. Eskubide hori gauzatu ahal izateko, etxebizitza babestu bat, ostatu babestu bat, eta baita, bitartekaritza programen edo bestelakoen ondoriozko etxebizitza libre bat ere, alokairuan, batez ere, eskaini ahal izango da, kasu bakoitzean dagokion prezioarekin, errentarekin edo kanonarekin. Beste aukera bat, betetze hori prestazio ekonomikoen sistema bat ezarriz ere egin ahal izango da.

Eskubide hori eskatu ahal izateko testuan ezartzen diren betebeharrak honako hauek dira:

  1. Etxebizitza edo ostatu egonkor edo egoki baten jabeez izatea. Etxebizitzaren ez egokitasunaren arrazoiak juridikoak, bizigarritasunari buruzkoak, tamainarekin erlazionaturikoak, gaitasun ekonomikoari buruzkoak edo eguneroko bizitza normalizatua zailtzen duten beste batzuk izan daitezke.
  2. Etxebizitza babestua esleitzeko eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea, alokairu eskatzaile izaera soilarekin. Gutxieneko antzinatasuna arauz ezarriko da.
  3. Arauz ezartzen diren mugen artean dauden urteko diru-sarrerak egiaztatzea.

Eskubide hori pixkanaka-pixkanaka ezarriko da, araudia osatu arte.

  • Lehenbiziko urtean, hiru kide edo gehiago eta 15.000 euro baino gutxiago diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateen beharrak beteko dira.
  • Hurrengo urtean, bi kidek osatutako 12.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateak sartuko dira.
  • Eta hirugarren urtean, 9.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituen kide bakarrak osatutako unitateak sartuko dira.

Kasu horietan guztietan, eskubidea, Etxebiden alokairu eskatzaile gisa lau urte baino gehiago erregistraturik egonez gero eskatu ahal izango da.

Baina, eskubide subjektiboaz gain, beste hainbat berrikuntza dago testuan:

  • Prezioen eta errenten pertsonalizazioa etxebizitza babestuetan:
    Alokairuaren kasuan, prestazio ekonomikoen bitartez, alokairura bideraturiko diru-sarreren parteak, gizarte bazterkerian ez erortzeko aukera eman dezan. Jabetzako etxebizitzaren kasuan, sustapenaren bideragarritasuna bermatuko duen eta erosleen esfortzu ekonomikoa konpentsatuko duen Berme eta Konpentsazio Funtsaren bitartez. Jasotzaileek, beraien diru-sarreren araberako prezioa ordainduko dute.
  • Esleipenerako lehentasunezko irizpideen sarrera:
    Lehentasuna, familia edo bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta etxebizitza eskatzaile gisako antzinatasunaren arabera emango da. Dena den, egin beharreko erreserbak egingo dira berriro ostatua emateko eta mendekotasun egoerak edo gizarte bazterkeria arriskuko egoerak konpontzeko.

Birgaitze alorreko erregularizazioa

Legeak aurreikusten duen berrikuntza nagusietakoa birgaitze alorreko erregularizazioa da, gizartearen ikuspegitik kohesio handiagoa izango duen eta iraunkorragoa izango den hiri eredurako pixkanakako aldaketa gerta dadin.

Horretarako, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna bezalako eskubideak bermatzeko, gizarte bazterkeria arazoei aurre hartzeko eta, etxebizitza berriaren antzeko erosotasun maila izango duten etxebizitzak merkatuan jartzeko beharrezkoak diren birgaitze prozesuak arintzeko trabak baztertuko dira.

Horretarako, lege proiektuak zenbait berrikuntza du alor horretan:

  • Eraikin bati, eraikin multzo bati edo hiri ingurune bati buruzko birgaitze beharraren adierazpena egiteko aukera eskaintzen du. Horrek erabilgarritasun publiko adierazpenasortuko du. Horri esker, zenbait jarduketa egin ahal izango dira, ezinbesteko desjabetzeak edo horren eragina jasotzen dutenen %50en akordioan oinarrituriko jarduketak, hain zuzen ere.
  • Eraikinen birgaitzea derrigorrez ezartzeko aukerazabaltzen da. Higiezinaren jabeen %50 baino gehiago Administrazioarekin ados baldin badago kudeaketarako borondatezko hitzarmen hau indarrean jartzeko, birgaitzea derrigorrez ezarri ahal izango zaie horren eragina jasoko duten pertsona guztiei.
  • Jabari publikoa okupatzeko aukera ematen da, energia eraginkortasunerako edo irisgarritasunerako zenbait jarduketatarako, hirigintza parametroak aldatu gabe.
  • Eraikitako ondarearen Egokitze funtzionalerako, etxebizitzak bereizteko edo unitate zabalagotan bateratzeko aukera baimenduko da, eragiketa horietatik sorturiko etxebizitzek gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen badituzte.
  • Udalek, udal ordenantzaren onespenaren bitartez, eta planeamendu orokorra aldatu behar gabe, etxebizitza eraikinen beheko solairuetan hirugarren alorreko erabilera izatetik etxebizitza erabilera izateko baimena eman ahal izango dute, eta, arau orokor gisa, horretarako ez da beharrezkoa izango jabeen erkidegoaren baimena eskatzea.

Gizarte funtzioa

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, etxebizitzak eta eraikitako ondareak gizarte funtzioa betetzen dute. Estatuan berria den kontzeptu horrekin, Euskadiko Legea Europa mailako araudira egokituko da.

Etxebizitzek ez dute gizarte funtzio hori betetzen, etxebizitza hutsak, biztanle gehiegi dituzten etxebizitzak edo infraetxebizitzak bezalako kasuak ematen badira edo kontserbatzeko beharra betetzen ez bada.

Etxebizitza babestuen kasuan, ez betetze hori, etxebizitza beste erabilera batzuetarako erabiltzen bada edo etxebizitza jaso ondoren bertako biztanleen gaitasun ekonomikoa edo ondarea proportziorik gabe era nabarmenean handitzen baldin bada.

Babes Publikoko Etxebizitza eskuratu ondoren Estatuko edozein tokitan etxebizitza librea erostea, esleipenaren ondorengo ez betetze zergati gisa ulertuko da. Hori gertatuz gero, babeseko etxebizitza Eusko Jaurlaritzari itzuli beharko zaio, Etxebiden izena emana duen pertsonaren bati esleitu ahal izateko.

Lege horren barruan sartzen da, baita ere, etxebizitza hutsari buruzko araudia. Etxebizitza bizitzeko ez erabiltze hori, etxebizitzaren gizarte funtzioaren ez betetze gisa ulertuko da, ez erabiltzeko arrazoia justifikaturik ez baldin badago.

Kasu horietan, Administrazioak kanon bat eta biztanlerik gabeko etxebizitzaren ezinbesteko alokairua derrigortu ahal izango du. Udalek eta, hala ez bada, Eusko Jaurlaritzak, Udalak esan beharrekoa entzun ondoren, metro karratu erabilgarri bakoitzeko 10 €-ko urteko kanona ezarri ahal izango diote 2 urte baino gehiagoz biztanlerik ez duen etxebizitzari, hutsik egote horren zergatia justifikaturik ez baldin badago, eta derrigorrez alokatzea ezarri ahal izango da, etxebizitza, etxebizitza eskari eta behar handiko gunean baldin badago eta hutsik dagoela adierazi eta urtebetera hutsik jarraitzen baldin badu.

Horrez gain, Lege Proiektuak beste neurri azpimarragarri batzuk ere aurreikusten ditu, honako hauek, besteak beste:

  • Alokairu-kontratuen fidantzak Eusko Jaurlaritzan ezarri eta kontratuak erregistratu beharra. Neurri horien bitartez alokairua juridikoki hobeto bermatu nahi dugu.
  • Etxebizitza alorrean isunen zenbatekoak handitzea, babes publikoko etxebizitzen sustapenean parte hartzeko 3 urtera arteko gaitasungabetzea barne, edo birgaitzea finantzazio publikoaren bitartez egitea saihestea arau-hauste larriak edo oso larriak egiten dituztenei.

Zehapenen hedatze horrek sustatzaileengan zein etxebizitzen esleipendunengan izango du eragina.

  • Higiezin bitartekaritza jardueraren legezko araupetzea: etxebizitzarekin erlazionaturiko agenteen edo/eta agentzien homologazio Erregistroak eratzeko aukera sortzen da, eta bertan izena eman ahal izateko bete beharko diren baldintzak ezartzen dira. Izen emate hori borondatezkoa izango da beti ere.
  • Kooperatibetan oinarrituriko autosustapen erregimena sartzea, erabilera lagapen erregimeneko etxebizitza beharrak bete ahal izateko. Bazkide bakoitzak izango duen erabilera eskubideak izaera mugagabea izango du, eta horren kontraprestazio gisa, elkarteak ezarriko duen kanona edo gizarte errenta ordaindu beharko da.
 

Partaidetza

Lege honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak, partaidetza prozesua zabaldu zuen, “Zurekin Etxebizitza eginez” lelopean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak garbi ikusten du ekintza politikoaren barruan ezinbestekoak direla adostasuna, gardentasuna eta hiritarren eta gizarte eta erakunde sarearen partaidetza

Horren froga gisa, esan behar da etxebizitzaren alorreko “Etxebizitza gaietan, iritzi guztiak kontuan” izeneko erakunde, gizarte eta hiritar partaidetzarako proiektuak, legeari buruzko partaidetza prozesua jasotzen duenak, Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Lehen Saria (UNPSA), sektore publikoko bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aintzatespen garrantzitsuena, irabazi duela.

Prozesu horren bitartez, hiritarrek testuan proposatzen ziren neurriei buruz zuten iritzia jasotzea nahi zen, eta hiritarrei ahotsa ematea eta testua aberatsago bilakatuko zuten neurriak hobetzeko eta neurri berriak gehitzeko aukera eskaintzea.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboaren ezarpenari dagokionez, Etxebizitza Sailak, “Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan” izeneko aurreko partaidetza plataforman parte hartu zuten hiritarrekin hartutako konpromisoari eta Etxebizitzarako Gizarte Hitzarmenean hartutakoari emandako erantzuna dela esan behar da: prozesuan parte hartu duten pertsonen %80 ados dago etxebizitza eskubidea diru-sarrera gutxiago duten pertsonei aplikatu beharreko eskubide subjektiboa dela esatearekin.

Horrez gain, pertsonen %80 ados dago eskariak lehentasun irizpideen arabera barematzearekin.

Eta, bestelakoa itxaron bazitekeen ere, partaideen %85, gizarte interes arrazoiak direla eta etxebizitza babestua desjabetzearen alde agertu da.

Eta, horrez gain, Aurreproiektuan aurreikusitako balizko hauetako bakoitzaren alde agertu dira:

  • Aldeko iritzi maila handienak honako balizko hauetan jasotzen dira: etxebizitza babestuaren baimenik gabeko transmisioa (%86), etxebizitza kontserbatzeko eta artatzeko beharra ez betetzea (%84), etxebizitza hutsik izatea arrazoi zuzenik gabe urtebete baino gehiagoz (%83) eta etxebizitza babestua ohiko etxebizitza egonkor izatera ez bideratzea (%80).
  • Bigarren mailako aldeko iritzien artean egongo lirateke, gehiegizko okupazioaren ondoriozko desjabetzea (%73) eta esleipenaren ondorengo diru-sarrera garrantzitsuen ondoriozko desjabetzea (%68) daude.

Hiritarren 188 proposamen jaso dira, gehienak Etxebizitza Legearen Aurreproiektuarekin zuzenean erlazionaturikoak, baina baita etxebizitza politikaren kudeaketarekin erlazionaturikoak ere.

Proposamen gehien sortu dituzten gaien artean honako hauek daude:

  • Etxebizitza babestuaren lehentasunezko esleipenerako irizpideak (55 proposamen).
  • Etxebizitza babestu erregimenak (32 proposamen)
  • Etxebizitza babestuaren desjabetzea esleipenaren ondorengo diru-sarrera garrantzitsuen ondorioz (29 proposamen).

Jasotako emaitzak kontuan izanik, Etxebizitzari buruzko Euskal Legearen Aurreproiektuan aurreikusten diren proposamenek hiritarren aldeko iritzia dutela egiaztatu ahal izan du Etxebizitza Sailak.

Informazio gehiago

 

Azken eguneratzea: 2012/07/13