Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Subrogazioa maizterraren aldetik:

Zenbait zirkunstantzia dira maizterraren subrogazioa egiteko aukera ematen dutenak, titular berri bat izanik errentari gisa jarraituko lukeena, bere aurrekoaren baldintza berberekin.
 
Zirkunstantziarik ohikoenak honako hauek dira:  

 

   
Titularraren heriotza errentamendu-kontratua indarrean zegoen bitartean:

Kasu horretan kontratuak ez du zergatik amaitu behar, izan ere errentari gisa jarraitzeko eta kontratuan subrogatzeko eskubidea izango baitu pertsona hauetako norbaitek, honako ordenaren eta baldintzen arabera:


1ºHeriotzaren unean errentariarekin bizi zen ezkontidea edo izatezko bikotekidea, azken kasu horretan aldez aurretik gutxienez 2 urtez elkarrekin bizi izana edota elkarrekin ondorengotza bat edukitzea exijituz.

2º Errentariaren heriotzaren unean bere guraso-ahalari edo tutoretzari lotuta zeuden edo hura hil aurreko bi urteetan normalean harekin bizi izan ziren ondorengoak.

3º Errentaria hil aurreko 2 urteetan normalean harekin bizi izan ziren aurrekoak edo anai-arrebak.

4º Aipatutakoen artean agertzen ez diren eta % 65eko minusbalioa edo handiagoa duten pertsonak, errentariarekin alboko hirugarren mailara arteko ahaidetasun -harremana badute eta hura hil aurreko 2 urteetan harekin bizi izan badira.

Kontratua subrogatu ahal izateko, errentari gisa jarraitzeko eskubidea duen pertsonak hiru hilabete igaro baino lehen errentatzaileari errentariaren heriotza eta aurreko maizterrarekin zuen harremana eta subrogatzeko hartu duen erabakia idatziz komunikatu eta justifikatu beharko dio.

Jakinarazpen hori oso garrantzitsua da, izan ere, dagokion epearen barruan ez bada egiten subrogatu daitekeenak bere eskubideak galduko lituzke eta kontratua amaitu egingo litzateke, etxebizitza uzteko betebeharrarekin.

Era berean, erabakitzen bada subrogazio-eskubidea ez baliatzea, erabaki hori errentatzaileari jakinarazi beharko zaio, heriotzaren ondoren hilabeteko gehieneko epean. Hori egin ezean, kontratua subrogatu zezaketen guztiak solidarioki behartuta egongo dira jabeari errentariaren heriotza jakinarazteko dauden hiru hilabeteetako errenta ordaintzera.

Bost urtetik gorakoa ez den iraupena duten kontratuetan heriotzaren edo "mortis causaren" kasuan subrogazio-eskubidearekiko uko egitea itundu ezin den arren, uko hori adostu daiteke bost urtetik gorako iraupena duten kontratuetan, baina soilik aplikagarria izango litzateke lehen bost urteak igaro arte.

Kontratuaren titularrak atzera egitea bere ezkontidearen adostasunik gabe:

Maizterrak kontratuan atzera egiten badu berarekin bizi den ezkontidea ados egon gabe, horrek kontratua subrogatu ahal izango du jabeak bere ezkontideak atzera egin duela jakinarazten dionean kontratuarekin jarraitzeko asmoa duela egiaztatzen badu gehienez ere hamabost eguneko epean.

Kontratuaren titularra den ezkontideak etxebizitza uztea, kontratuan atzera egin gabe:

Errentariak etxebizitza uzten badu jabeari deus ere esan gabe, harekin bizi izan den ezkontideak maizter gisa jarraitu ahal izango luke, betiere berak aurrea hartu eta egoeraren berri ematen badu eta errentatzaileari hilabeteko epearen barruan eskatzen badio .

Banantzea, dibortzioa edo ezkontza-deuseztasuna:

Kasu horietan, kontratuaren titularra ez den ezkontideak edo izatezko bikotekideak maizter gisa jarraitu ahal izango du, errentan dagoen etxebizitza ebazpen judizialaren edota banantzetik, dibortziotik edo ezkontza deuseztasunetik eratorritako hitzarmenaren ondorioz esleitzen badiote.

Horretarako, ezkontideak edo izatezko bikotekideak ebazpen judizialaren edo hitzarmenaren datatik zenbatzen hasi eta gehienez ere bi hilabeteko epean jakinarazi beharko dio errentatzaileari alokairu-kontratuarekin jarraitzeko asmoa ote duen, eta era berean ebazpenean edo hitzarmenean etxebizitza aipatzen duen zatiaren kopia bat gaineratu beharko du.

Azken eguneratzea: 2008/06/23