Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azpierrentamendua

Etxebizitza baten azpierrentamendua etxebizitza alokatu baten maizterrak duen aukera bat da eta haren bitartez berak errentan hartuta duen etxebizitzaren zati bat beste pertsona batzuei berriro alokatu edo azpierrenta eman ahal izango die, prezio jakin baten truke eta betiere betekizun jakin batzuk betetzen baditu.

Praktika hori nahiko ohikoa da maizterren aldetik, errentaren ordainketa errazagoa egingo duten diru-sarrera osagarri batzuk lortzeko xedez.

Lagapenean ez bezala, non lehenengo maizterra kontratutik erretiratzen den eta jabearekin duen harremana desagertzen den, azpierrentamenduaren kasuan ez da amaitzen jabearen eta hasierako maizterraren arteko kontratu-harremana, harreman horrek bion artean itundu dituzten termino berberetan jarraitzen baitu.

Azpierrentamenduak kontratu-harreman berri bat sortzen du baina soilik maizterraren eta azpierrentariaren edo azpierrentarien artean, eta harreman hori amaitu egingo da, logikoki, azpierrentamenduari edo azpierrentamenduei eusten dien errentamendu-kontratua amaitzen denean.

Hala eta guztiz ere, azpierrentamenduaren aukera ez da automatikoa, izan ere, azpierrentamenduko kontratu bat baliozkoa izateko eta HELarekin bat etortzeko ezinbestekoa da honako baldintza hauek errespetatzea :

  • Jabearen esanbidezko eta idatzizko adostasuna lortu behar da, eta horrek esan nahi du jatorrizko errentamendu-kontratuan edozein azpierrentamenduren debekurik ez dela barne hartu.

Idatzizko baimena lortzeko, maizterrak jabeari ere idatziz eskatu beharko dio, azpierrentamenduan jartzeko asmoa duela eta ustezko azpierrentaria nor den adieraziz.

  • Azpierrentamenduak beti partziala izan beharko du, inoiz ere ez etxebizitza osoarena.
  • Azpierrentamenduaren prezioa ez da izango, inola ere, etxebizitza osoaren errentamenduarena baino handiagoa, hainbat azpierrentari edukita ere

Maizter batek jabearen adostasunik gabe azpierrentamendu bat egiten badu, irregulartasun horrek oso eragin larriak izan ditzake, kontratua aldez aurretik hutsaltzeko baliozko arrazoi bat izan daitekeelako, jabeak hala erabakitzen badu.

Errenta zaharreko kontratuetan (1994ko Hiri Errentamenduen Legearen aurrekoak direnak) baimenduta dago azpierrentamendua egitea errentatzailearen adostasunik gabe, betiere bi baldintza betetzen badira:

  • Azpierrentari posibleak bi baino gehiago ez izatea.
  • Higiezinari ematen ari zitzaion destinoa ez aldatzea. 

Beraz, maizterrak egin behar duen gauza bakarra da errentatzaileari azpierrenta modu sinesgarrian jakinaraztea 30 eguneko gehieneko epearen barruan, azpierrentariaren izena adieraziz.

Gainera, errenta zaharreko kontratuetan azpierrentamenduak ez du zergatik partziala izan behar, etxebizitza osoa azpierrentan jarri daitekeelako, eta gainera, horren prezioa errentamenduaren prezioaren bikoitza izatera iritsi daiteke.


 

 

Azken eguneratzea: 2008/06/23