Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Maizterraren borondatezko ukoa:

Errentamendu-kontratuaren borondatezko atzera egitea edo uko egitea gertatzen da maizterrak bere kabuz erabakitzen duenean alokairua amaitutzat ematea adostutako data iritsi baino lehen.

Maizterraren erabaki horrek hainbat ondorio ekarriko ditu, eta horiek desberdinak izango dira kontratua sinatzeko unean definituta geratu den kontratu-epea zein den kontuan izanik.

Horren arabera, bi egoera nahiko desberdinen aurrean aurkitzen gara, ondoren adierazten den kontratuaren arabera:


a) Errentamendu-kontratu bat bost urtetik gorakoa ez den itundutako iraupenarekin:

Hiri Errentamenduen Legeak (HEL) ez du horri buruz ezer zehatzik aipatzen, baina Kode Zibilak eta gaiari buruz garatzen joan den jurisprudentziak ezartzen dute maizterrak itundutakoa ez betetzeak errentatzaileari eskubidea ematen diola itundutako epea errespeta dadin exijitzeko, edo bestela kontratua ez betetzearen ondoriozko kalte eta ordainengatik diru kopuru bat erreklamatzeko.

Horregatik nahiko ohikoa da errentamendu-kontratuan hasieratik penalizazio bat ituntzea, errentariaren aldetik atzera egite bat gertatzen den kasurako, kopuru jakin bat estipulatuz kontratua betetzeko falta den urte bakoitzerako (normalki hilabeteko errenta izan ohi da bete ez den urte bakoitzeko) edo hilabete bakoitzerako.

Ez badago ezer itunduta, nahiko ohikoa den beste irizpide bat honako hau da: maizterrak kalte-ordain bat ordaindu beharko duela errentatzaileak higiezina berriro alokatzen duen unera arte igarotzen den denboraren arabera.


b) Errentamendu-kontratu bat bost urtetik gorako itundutako iraupenarekin:

Behin lehen bost urteak igaro ondoren, maizterrak kontratuan atzera egin ahal izango du errentatzaileari bi hilabete lehenago asmo horren berri emanez.

Kasu horretan, maizterrak ez du inolako kalte-ordainik ordaindu beharko, kontratuan aldez aurretik itunduta geratu denean salbu, baina dena dela uste da horren zenbatekoak ez duela inola ere indarrean dagoen errentaren hileroko bat baino handiagoa izan behar betetzeko geratzen den kontratu-urte bakoitzeko.

Hala eta guztiz ere, kontratuaren iraupena bost urtetik gorakoa edo beherakoa izanik ere, tratamendu berezia behar duten bi kasu daude:

  • Maizterrak kontratuan libreki atzera egin ahal izango du inolako penalizaziorik izan gabe, jabeak etxebizitzaren barruan bizigarritasuna nabarmen baldintzatzen duten obrak egiten dituenean.
  • Errentariak kontratuan atzera egitea erabakitzen badu edo etxebizitza aldez aurretik abisatu gabe eta une horretaraino berarekin bizi ziren familia-unitateko gainerako kideen (ezkontidea, izateko bikotekidea, eta abar) adostasunik gabe uzten badu, kide horiek kontratuarekin jarraitu ahal izango dute baldintza berdinetan, errentatzaileari hori eskatzen badiote.

 

Azken eguneratzea: 2008/06/23