Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Jabearen aldetik:

KONTSERBAZIO OBRAK

Etxebizitza bizigarritasun-baldintza egokitan kontserbatzeko beharrezkoak diren eta etxebizitzak eta hori osatzen duten elementu desberdinek denbora igaro ahala jasaten duten higadura naturala konpentsatzera destinatutako konponketa guztiak egin behar ditu nahitaez jabeak.

Etxebizitza kontserbatzeko obra horiek egitea oso premiazkoa baldin bada eta ezin badira geroratu errentamendu-kontratua amaitu arte, maizterrak onartu egin beharko ditu, oso deserosoak izan arren edo horiek egiten diren bitartean etxebizitzaren zati bat erabili ezin izan arren.

Azken kasu horretan eta betiere obrak 20 egun baino gehiago luzatzen badira, maizterrak errentaren murrizketa baterako eskubidea izango du, eta murrizketa hori obra horien ondorioz erabili ezin duen etxebizitza-zatiarekiko proportzionala izango da. .

Egin beharreko kontserbazio-obrak agintaritza eskudunak agindu baditu eta horiek egiteak ez soilik zati bat baizik eta etxebizitza osoa biziezin bihurtzen badute, errentariak kontratuaren etenaldia edo behin betiko amaiera eskatu ahal izango du, baina ezingo du inolako kalte-ordainik eskatU.

Kontserbazio-obra horiek egiteak errentatzaileari ez dio inolako eskubiderik ematen errenta igotzeko arrazoi hori dela medio.

Hala eta guztiz ere, errentatzailea ez dago behartuta beharrezko kontserbazio-obrak edo konponketak egitera ezta ordaintzera ere honako kasu hauetan:

  • Narriadura edo kalteak errentariak edo berarekin bizi diren pertsonek egin badituzte.
  • Etxebizitza suntsituta geratu baldin bada errentatzaileari egotzi ezin zaizkion eta berarekin inolako erlaziorik ez duten arrazoiengatik (hala nola: sutea, uholdea, lurrikara, eta abar), eta gainera etxebizitza konpontzea edo berreraikitzea ezinezkoa baldin bada. Eta ez da hori bakarrik, izan ere, zirkunstantzia horiek gertatzen badira kontratuaren amaiera automatikoa eragin dezakete, dagokion atalean adierazten den bezala.

Bestalde, errentatzaileak etxebizitzaren ohiko erabileraren ondoriozko higadurak eskatzen dituen konponketa txikiak (kanilak konpontzea; ariaren giltzak; eta abar) ez ditu egin beharko, ezta ordaindu ere ez. Konponketa horiek maizterrak bere gain hartu beharko ditu.

HOBEKUNTZA OBRAK

Etxebizitza batean egin daitezkeen hobekuntza-obren artean hiru mota bereiz daitezke argi eta garbi::

    • Lege-xedapen batek exijitzen dituen eta kontratua amaitzeko zain egon ezin gabe egin behar diren obrak, hala nola: eraikina birgaitzea, fatxada berritzea, eta abar.
    • Ezinbestekoak ez diren baina ekipamendu berriak inkorporatzeko edo etxebizitzaren sanitate-, erosotasun- eta irisgarritasun-baldintzak eta abar hobetzen oso positiboki lagundu dezaketen obrak.
    • Errentatzaileak etxebizitzaren prestigioa edo irudia hobetzeko egin nahi dituen luxuzko obrak.
1. Lehenengoei dagokienez, hobekuntza-obrak ezin badira atzeratu errentamendu-kontratua amaitu arte, maizterrak onartu egin beharko ditu, kontserbazio-obran kasuan bezala, baina errentatzaileak obren hasiera eta aurreikusitako iraupena hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dizkio.

Komunikazioa jaso ondoren, maizterrak hilabeteko epea izango du errentamendu-kontratuan atzera egiteko, obra horiek errentan hartutako etxebizitza nabarmen ukituko baldin badute.

Maizterraren atzera egiteak errentamendu-kontratua bi hilabeteko epean amaitzea ekarriko du, eta bi hilabete horietan ezingo dira obrak hasi.

Errentariak erabakitzen badu obrak jasango dituela eta errentamendu-kontratuarekin jarraituko duela, errentaren murrizketa baterako eskubidea izango du erabili ezin duen etxebizitzaren zatiaren proportzioan, baita obra horiek behartuta egin behar dituen gastuen kalte-ordainketa baterako eskubidea ere, obrak 20 egun baino gehiago luzatzen badira.

2. Ezinbestekoak ez diren obren bigarren mota honek maizterraren adostasuna eduki behar du errentatzaileak egin ahal izan ditzan, baina gehienetan aurreikus daiteke maizterra ere obra horiek egin daitezen interesatuta dagoela, bera izango baita obra horien lehen onuraduna.

3. Hobekuntza-obra hauek egiteko ere maizterraren baimena beharrezkoa da, baina ez dirudi baimena emango duenik, seguru aski ez zaizkiolako asko interesatzen.

Jabeak egindako kontserbazio-obren eta hobekuntza-obren artean dagoen funtsezko diferentzia bat da hobekuntza-obrek, bi alderdiek aurkakoa adostu dutenean salbu, errenta-igoera bat ekar dezaketela, kontratuaren iraunaldiko lehen bost urteak gainditu ondoren, errenta berraztertzeko aukerak aztertzerakoan ikusi den bezala. Orduan jadanik adierazten genuen ezin duela indarrean dagoen errentaren % 20 gainditu.

 

 

Azken eguneratzea: 2008/06/23