Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Zer da jabetza horizontala?

Etxepekoek bizi behar duten modua honako hauen arabera araututa dago: etxepekoen betebeharrak eta eskubideak definitzen dituzten 1960ko uztailaren 21eko "Jabetza Horizontalaren Legea " eta haren erreformak; izan ere,  bide publikorako edo elementu komun baterako irteera duten eta norberaren aprobetxamendurako izan daitezkeen zatien (etxebizitzak, lokalak, kabinak, garajeak, berdeguneak, etab.) jabeak izateagatik, etxepekoek eraikineko gainerako elementuen gaineko jabekidetasuna dute, elementu horiek guztiak behar bezala erabili eta baliatzeko, eta lege horren aginduen eraginpean daude..

Hortaz, jabetza horizontalean elementu pribatibo izena duen etxebizitza edo lokal bakoitzaren jabetza indibidualak biltzen dira, eraikineko elementu komunen (ezkaratza, eskailerak, lurzorua, teilatua, terrazak, patioak, fatxada, eroaleak, kanalizazioak eta, oro har, zatiezinak diren elementu guztiak) gaineko jabekidetasunarekin batera.

Jabetza eratzeko Tituluan (erregistroko dokumentua edo eskritura) jabe bakoitzari honako hauek adieraziko zaizkio: higiezinaren definizioa, azalera, mugak, solairua eta eranskinak, esaterako garajea, trastelekua, sotoa, etab.


Errentamenduen, gozamen-eskubideen eta beste batzuen kasuan, erantzukizun guztiei dagokienez etxepekoen erkidegoan erantzun beharko duena jabea izango da beti, baita bere jabetzaren erabilera beste norbaiti laga dionean ere..

 

NOIZ APLIKATZEN DA JABETZA HORIZONTALAREN LEGEA (JHL, 2. art.)?

 

Jabetza horizontalari buruzko legedia honako kasu hauetan aplikatzen da: :

a) Jabeen Erkidegoek jabetza horizontala eratzeko titulua formalki eman ondoren, betiere legez ezarritako baldintzekin bat etorriz.


b) Jabeen Erkidegoek Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako oinarrizko baldintzak biltzen dituztenean, baita eratze-titulua formalki eman ez badute ere.


c) Higiezin Multzo Pribatuak direnean.

 

JABETZA HORIZONTALAREN ERATZE TITULUA:

 

Jabetza horizontalaren Eratze Titulua "Jabeen Erkidegoko Fundazio Eskrituraren" baliokidea da; dokumentu hori publikoa da edo pribatua izan daiteke, eta bertan honako hauek adieraziko dira: etxebizitza edo lokal bakoitzaren (elementu pribatiboak) deskribapena, eta elementu eta zerbitzu komunen gaineko jabekidetasuna. Titulu horren bitartez higiezina zatitu egiten da, eta Jabetza Horizontalaren Legearen arauek bizikidetasuna arautzen dute. Bertan honako hauek bilduko dira gutxienez:

  • Eraikinaren deskribapen orokorra.
  • Etxebizitza edo lokal bakoitzaren deskribapen xehatua.
  • Etxebizitza edo lokal bakoitzaren partaidetza-kuota.

 

NOIZ AMAITZEN DA JABETZA HORIZONTALAREN ERREGIMENA?

 

Etxepekoen Erkidego bateko jabetza horizontaleko erregimena baliogabetzeko, honako zirkunstantzia hauetariko bat gertatu beharko da:

  • Eraikina suntsitzea, berreraikuntzak finkaren balioaren % 50 gainditzen badu.
  • Jabetzaren edo jabekidetasunaren multzoa aldatzen denean, hau da, etxebizitza edo lokal guztiak pertsona fisiko edo juridiko bakar baten jabetzakoak bihurtzen direnean.
Azken eguneratzea: 2011/10/10