Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Jabeen eskubideak eta betebeharrak:



JABEEN ESKUBIDEAK:


Jabe bakoitzak honako eskubide hauek izango ditu:

  1. Elementu komunak erabili eta baliatzea; gainerako jabekideekin batera erabili beharko dira, eta eskubidea zuzentasunez eta errespetuz gauzatu beharko da.

  2. Jabeen Erkidegoko Batzarretara joatea eta parte hartzea, pertsonalki edo beste norbaitek ordezkatuta, eta bozkatzea, erkidegorako ordainketak egunean baldin baditu; era berean, eskubidea izango du Batzarra egin ondoren horri buruzko eta hartutako erabakiei buruzko informazioa jasotzeko.Halaber, gai-zerrendan erkidegoarentzat interesgarria izan daitekeen edozein gairi buruzko puntuak sartzea eskatu ahalko du, eta, era berean, Legearen edo erkidegoko Estatutuen aurkakoak edo etxepeko batentzat edo erkidegoarentzat kaltegarriak diren erabakiak aurkaratu ahalko ditu

  3. Erkidegoaren ordezkaritza-karguak betetzea, ezarri den sisteman oinarrituta.

  4. Etxepeko guztiek jarduera desatseginei edo Estatutuetan debekatutako jarduerei buruzko arauak betetzea eskatzea; era berean, etxepeko batek jarduera horiek egiten baditu, Presidentearen bitartez horiek amaitzea eskatu ahalko du.

  5. Erkidegoko obra batek eragindako kalteengatik edo galerengatik konpentsazioa jastozea.

  6. Bere etxebizitzan bidezkotzat hartzen dituen obrak egitea, betiere eraikinaren egitura orokorrean ondoriorik ez badute, eta gainerako etxepekoei kalterik eragiten ez badiete; hala ere, horien berri eman beharko dio Erkidegoko presidenteari edo administratzaileari.

    Eraikinaren gainerako zatietan ezin izango du ondoriorik eragin, eta, larrialdiko konponketak egin behar direla ikusten badu, horren berri eman beharko dio lehenbailehen presidenteari edo administratzaileari, halakorik baldin badago.


JABEEN BETEBEHARRAK:

Jabe guztiek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Instalazio orokorrak eta elementu komunak edo beste jabe batzuengan ondorioak izan ditzaketenak errespetatzea, etxebizitzaren edo lokalaren barnean dauden edo horiek zeharkatzen dituzten kontuan izan gabe, eta horiek behar bezala erabili beharko dira, kalteak edo galerak eragitea saihestuz.

  2. Kontserbazioko egoera onean mantentzea etxebizitza eta instalazio pribatiboak, erkidegoari edo beste etxepeko bati kalterik ez eragiteko, norberaren edo ardurapeko pertsonen deskuiduak besteei eragindako kalte guztiak eraginkortasunez konponduz.

  3. Norberaren etxebizitzan edo lokalean higiezina mantentzeko egin beharreko hobekuntzak edo konponketak onartzea, sortu diren arazoak konpontzeko edo aurreikusiriko bideen arabera erabakitako zerbitzu berriak ezartzeko esku hartu behar duten profesionalei bertan sartzen utziz.

  4. Tituluan finkatutako partaidetza-kuotaren edo bereziki ezarritakoaren arabera, higiezina mantentzeak, zerbitzuek, kargek eta erantzukizunek eragindako gastuetan laguntzea

  5. Finka kontserbatzeko edo konpontzeko etorkizunean egin daitezkeen obren gastuei aurre egiteko, kautela-neurri gisa jabeen erkidegoak sortu beharko duen erreserba-fondoaren horniduran laguntzea,  kuotaren edo bereziki ezarritakoaren proportzioan.

  6. Behar bezala jokatzea higiezinaren erabilerari dagokionez eta gainerako etxepekoekin duen harremanean, eta horien aurrean erantzutea norberak edo etxebizitza edo lokala okupatzen duenak egindako arau-hausteei buruz, zuzeneko arduradunak izan daitezkeen hirugarrenen aurka jabeak ondoren egin ditzakeen ekintzak alde batera utzi gabe..

  7. Etxebizitza edo lokala saltzen bada, Erkidegoko idazkari-eginkizunak betetzen dituenari jakinarazi behar zaio titulartasun-aldaketa; izan ere, jakinarazten ez duenak Erkidegoko etorkizuneko zorrak ordaintzen jarraituko du (hala ere, gero erosleari erreklamatu ahalko dizkio).

  8. Jabe batek bere etxebizitza edo lokala eskuordetzen duenean, erosleak erkidegoko kuoten ordainketa egin duela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dio Notarioari; izan ere, ordaintzeke dauden zorrak baldin badaude, jabe berriak ordaindu beharko ditu urte horretako eta aurreko urte osoko zenbateko guztiak.

  9. Helbide bat izendatzea, Erkidegoarekin lotutako jakinarazpenak jasotzeko;  era berean, helbide horretan egin daitezkeen aldaketak jakinarazi beharko ditu.

  10. Gainerako jabeek Batzarrean baliozkotasunez hartutako erabakiak onartu eta errespetatzea, hitzartutako epean dagokion ordezkaritza-karguak bere gain hartzea barnean hartuta.

 

Azken eguneratzea: 2008/09/02