Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Gobernu organoak

Jabeen Erkidego baten gobernuan esku hartzeko aurreikusiriko organoak honako hauek dira:

Aurrekoez gain, beste organo batzuk egon daitezke, Erkidegoko Estatutuek horrela ezartzen badute edo gehiengoaren bidez Batzordeak erabakitzen badu.

Erkidegoko kargu guztien izendapenak normalean urtebeteko aldirako egingo dira. Aparteko bileran behar bezala deitutako Jabeen Batzordeak erabakitzen badu, izendatutakoak kargutik kendu ahalko dira aldi hori amaitu aurretik.


JABEEN BATZORDEA

Jabetza horizontaleko erregimenean antolaturiko etxepekoen erkidego baten goreneko gobernu-organoa da, eta jabe guztiek osatzen dute.

Erkidegoaren martxan nolabaiteko garrantzia duten gai guztietan erabakitzea dagokio, eta adostasuna ezinbestekoa da gai horiekin lotutako erabakiak hartzeko.

 

 

 

Jabeen Batzorde motak:

 

Jabeek egiten dituzten batzarrak bi motatakoak izan daitezke:

Ohiko Batzarrak:

Jabeen batzordea urtean behin bildu beharko da gutxienez, eta gai-zerrendaren barruan Erkidegoaren aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea aurreikusi beharko da gutxienez. Normalean batzar hau aprobetxatzen da erabakitzeke dauden beste gai batzuk ere lantzeko. Urteko bilera hori da Ohiko Batzar gisa ezagutzen dena.

Ezohiko Batzarrak:


Urtean egiten diren gainerako batzar guztiak ezohiko batzarrak direla ulertuko da.

 

Deialdia:

 

Printzipioz, batzarrak Erkidegoko presidenteak deitu behar ditu, baina Batzordearen bilera bat baliozkotzat hartu ahalko da, nahiz eta presidenteak deitu ez duen, honako zirkunstantzia hauetariko bat gertatzen bada:

  • Jabe guztiak elkartu dira eta denek erabaki dute Batzar bat egitea erabakitzen dituzten gaiak lantzeko; kasu horretan ez da beharrezkoa izango aldez aurretik batzarra deitzea.
  • Gutxienez partaidetza-kuoten % 25 osatzen duten etxepekoen talde batek sustatu du deialdia .

Presidentearen edo bilera sustatu dutenen deialdiak argitasunez adierazi beharko ditu landuko diren gaiak, aurreikusiriko gai-zerrendaren arabera, eta baita bileraren lekua, eguna eta ordua, lehen deialdia edo bigarrena den kontuan hartu gabe.


Edozein jabek eskatu ahalko du Erkidegoarekin lotutako gai bat gai-zerrendan gaineratzea eta Batzarrean eztabaidatzea, eta horretarako, nahikoa izango da proposamena idazki bidez presidenteari aurkeztea, eta presidenteak kontuan izan beharko du egingo den lehen bilerari dagokionez..


Era berean, Erkidegoarekiko ordainketak egin ez dituzten jabeen zerrenda gaineratu beharko da deialdian; izan ere, jabe horiek Batzarrean aurkeztu eta parte hartu ahalko dute, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango .


Halaber, deialdiarekin batera dokumentu labur bat emango da, agertu ezin daitezkeen etxepekoek beren ordezkaritza beste baten esku utzi ahal izateko.


Epeei dagokienez, legez ezarrita dago urteko Ohiko Batzar baten deialdia 6 eguneko aurrerapenarekin egin behar dela gutxienez, eta Ezohiko Batzarren kasuan, aldiz, aldez aurretik interesdun guztiei jakinaraztea nahikoa izango da.

 

Batzarrera gerturatzea:

 

Nor joan daiteke?


Jabeen Batzarretara ez da nahitaez pertsonalki joan beharrik, ordezkaritza legezko ordezkari baten edo beste etxepeko baten esku utzi daiteke, jabeak sinatutako ahalordetze-idazki baten bitartez, eta, beraz, ordezko horrek titularraren boto-eskubidea baliatu ahalko du.


Etxebizitza edo lokal batek aldi berean jabe bat baino gehiago baldin baditu, horiek ordezkari bakar bat izendatu beharko dute Batzarretara joan eta botoa emateko.


Zenbat jabe bertaratu behar dira gutxienez?


Jada adierazi dugunez, Batzarraren hasierako deialdian aurreikusten da batzarra bigarren deialdian egingo dela lehen deialdian "quorum" nahikoa biltzen ez bada, hau da, gastuen partaidetza-kuota gehienak ordezkatzen dituzten jabeen gehiengoa bertaratzen ez bada.


Teorian bigarren deialdia beste leku, egun eta ordu batean egin daitekeen arren, normalean leku berean egiten da, eta baldintza bakarra lehen deialdirako finkatutako ordua baino ordu erdi beranduago (gutxienez) hastea da.


Kasu honetan, Batzarra bertaratu diren guztiekin egin ahalko da, nahiz eta horien artean etxepekoen gehiengoa zein partaidetza-kuoten gehiengoa batzen ez duten.


Batzarraren deialdian batzarra bigarren deialdian egiteko aukera aurreikusi ez bada eta horretarako lekua eta ordua finkatu ez badira, deialdi hori beranduenez lehen deialdiaren ondorengo zortzi egunen barruan egin beharko da, eta bertaratzeko eskubidea dutenei jakinarazi beharko zaie hiru eguneko aurrerapenarekin gutxienez.


Logikoa denez, Batzarretan behar bezala hartzen diren erabakiak, lehen zein bigarren deialdian egin diren kontuan hartu gabe, jabe guztiek errespetatu behar dituzte, Batzarrean egon ez badira ere .

 

Eta Batzarrean hartutako erabakiak edo erabakiek jaberen bat larri kaltetzen badute, jabe horrek erabakia edo erabakiak aurkaratu ahalko ditu epaitegietan, betiere erabakia hartu eta hiru hilabete igaro aurretik.


Batzordearen eginkizunak

 

Jada adierazi dugunez, Jabeen Erkidegoko Batzordea erabakiak hartzeko goreneko organoa da, eta, beraz, behar bezala informatu beharko zaio eta nolabaiteko garrantzia duten erabakiak hartuko ditu, honako hauek esaterako:

  • Erkidegoaren Estatutuak eta Barne Erregimeneko Araudia onartzea, eta baita horietan egin daitezkeen erreformak onartzea ere, betiere dokumentu horiek lantzea erabakitzen bada.
  • Erkidegoaren gobernu-karguak dagokion urtebeteko aldietan beteko dituzten pertsonak izendatzea eta kargutik kentzea, eta hirugarrenak kontratatzea honako eginkizun hauek betetzeko: idazkaria, administratzailea, etab
  • Aurreikusten diren gastuen eta diru-sarreren urteko plana eta amaitutako ekitaldi bakoitzeko dagokion kontuak onartzea.
  • Finka mantentzeko edo hobetzeko ohiko zein ezohiko obrak egikaritzea onartzea eta horien esleipenean parte hartzea, betiere garrantzitsuak baldin badira.
  • Presidenteak edo, hala badagokio, administratzaileak hartu behar izan dituen premiazko neurriei buruzko informazioa izatea.
  • Oro har, Jabeen Erkidegoarentzat interesgarriak diren gai guztietan esku hartzea, kasu bakoitzean dagokion neurriak hartzea erabakiz.


PRESIDENTEA:

Nahitaez hautatu behar den izendapen bakarra da eta jabe guztiek gehiengo soilaren bitartez hautatutako jabe bat izan behar du, eta borondatezko izangairik ez badago, txandakako txandaren bitartez edo zozketa bidez izendatuko da, eta karguan egon beharko du urtebetez.


Presidente-izendapena nahitaez onartu beharko da, eta, beraz, izendatutako jabeak ezin badu kargua bete, Ezohiko Batzar bat deitu beharko du dimisioa aurkezteko, eta, Batzordeak dimisioa onartzen badu, beste presidente bat izendatuko du. Dimisioa onartzen ez bada, epaileari helaraztea eskatu ahalko du, izendapena egin eta hilabeteko epean, eta dimisiorako arrazoiak adieraziz.

 

Zeintzuk dira presidentearen eginkizunak?

 

  • Presidentea da ondorioak izan ditzaketen gai guztietan legez Erkidegoaren ordezkaritza-lanak egiten dituena, prozedura judizial baten barruan edo kanpoan, eta, beraz, berak izango du eskumena prozesuzko ordezkaritzarako dagokion ahalmenak hirugarren bati emateko.
  • Gainera, berariazko beste eginkizun batzuk ditu, honako hauek esaterako:
    • Batzarrak deitzea eta horietan presidentea izatea, bai ohiko batzarretan bai ez-ohikoetan, eta, era berean, batzarraren ondorengo Akta sinatzea eta eman zaion ahalmenaren arabera erabakiak gauzatzea.
    • Erkidegoaren interesak arlo guztietan defendatzea, eta etxepekoren batek jarduera gogaikarri, arriskutsu edo deserosoak egiteagatik salaketak baldin badaude, horietan esku hartzea, baita berehala esku hartzea eskatzen duten premiazko gertakariak edo gaiak agertzen direnean ere.

PRESIDENTEORDEA:

Presidenteordearen kargua ez da nahitaezkoa, aukerakoa baizik, eta, beraz, Jabeen Batzordeak kargu hori egotea erabakitzen badu, presidentea hautatzeko modu berean hautatuko da (botoa emanez, txandakako txandaren bitartez edo zozketa bidez).

Presidenteordearen eginkizunak honako hauek dira: presidentea bertaratzen ez denean, presidenterik ez dagoenean edo bertaratu ezin denean hura ordezkatzea, eta presidenteari bere eginkizunetan laguntzea, Jabeen Batzordeak ezartzen dituen baldintzen arabera.


 

IDAZKARIA ETA ADMINISTRATZAILEA

Nork bete ditzake kargu hauek?

 

Printzipioz, Erkidegoko administratzailearen eta idazkariaren eginkizunak presidenteak berak edo beste etxepeko batek gauza ditzake, baina kasu gehienetan Estatutuek edo Jabeen Batzordeak, gehiengoaren adostasunarekin, eginkizun horiek gauzatzeko Erkidegotik kanpoko profesionalak kontratatzea aurreikusi ohi dute.
 
Idazkaria eta administratzailea pertsona bera izan daitezke edo bananduta hauta daitezke, eta, gainera, ez dute nahitaez jabeak izan behar. Horregatik, kargu horietarako arlo horretako profesional bat (Finka-administratzaile bat, adibidez) edo jarduera horietan aritzen den erakunde bat izenda daiteke.

 

Zeintzuk dira horien eginkizunak?

 

Administratzaileak honako zeregin hauek egin ohi ditu: :

  • Erkidegoaren, haren instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendu egokia zaintzea, higiezinaren kontserbazioan eta mantentzean lan eginez, obrei dagokienez Batzordeak hartutako erabakiak gauzatuz, eta horretarako beharrezkoak diren jarduerak eginez; betiere, egindako kudeaketen berri eman beharko dio presidenteari edo jabeei
  • Aurreko urteko gastuen justifikazioa eta likidazioa, eta hurrengo urterako aurrekontua behar den aurrerapenarekin eta zehaztasunarekin prestatzea, Jabeen Batzordeak onar ditzan.
  • Kontabilitate-kudeaketak egitea, ohiko eta ezohiko ordainketak eginez, eta kuoten, derramen eta beste batzuen kobrantzak kudeatuz.
  • Batzordeak agintzen dion eta gai hauekin zerikusia duen beste edozein zeregin.

 

Eta, gainera, administratzaileak Erkidegoko idazkari-lanak egin ohi ditu; horren arabera, honako hauek egin beharko ditu:

  • Gai-zerrenda prestatzea; Ohiko eta Ezohiko Batzarrak deitzea; Akta egitea eta horren izenpetzea kudeatzea; Akten kopiak banatzea jabe guztien artean, etab. 
  • Akta Liburua eta Erkidegoko gainerako dokumentazioa zaintzea eta jabeen esku jartzea.
  • Erkidegoaren deialdiak, jakinarazpenak, ahalordetzeak eta gainerako dokumentuak bost urtez gordetzea.
  • Batzordeak agintzen dizkion eta idazkari-lanarekin zerikusia duten zeregin gehigarri guztiak egitea.
Azken eguneratzea: 2009/03/24