Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Erabakiak hartzea

ESKATZEN DIREN GEHIENGOAK:

Behar bezala deitutako Jabeen Batzarretan boto-eskubidea duten partaideek hartuko dituzte erabakiak, eta gehiengoei buruz hitz egiten denean, kontuan izan behar da gehiengo bikoitz bati egiten zaiola erreferentzia beti; izan ere, jabe bakoitzaren partaidetza-koefizienteaz gain, bertaratu diren jabeen kopurua ere kontuan hartuko da, eraikin beraren barruan etxebizitza edo lokal asko dituen jabe batek Erkidegoaren norabidea nahi bezala maneiatzea saihesteko berme-neurri gisa.

Hartu beharreko erabakien izaeraren arabera, eskatzen diren gehiengo motak honako hauek dira:

1. ADOSTASUNA:

Iraganean erabaki askotarako eskatzen zen arren, egungo legedian jabetza horizontalaren Eratze Tituluan edo Estatutuetan jasotako artikuluak onartzeari edo aldatzeari buruzko erabakiei (solairu berrien eraikuntza edota eraikinaren azpiegituraren edota elementu komunen aldaketa, eta abar) baliozkotasuna emateko eskatzen da bakarrik; izan ere, horiek dira erkidegoaren bizikidetzarako oinarrizko arauak.

2. GEHIENGO KUALIFIKATUA:

Gaur egun, igogailuko, atezaintzako, etxezaintzako, jagoletzako edo denen intereseko bestelako zerbitzuak ezartzeko edo kentzeko, jabe guztien hiru bostenak aldeko botoa ematea eskatuko da, aldi berean jabe horiek gastuen partaidetza-kuoten hiru bostenak bildu behar dituzte.

Higiezinean berariazko erabilera bat esleitua ez duten elementu komunen errentamendurako ere partaidetza-kuotaren hiru bostenak biltzen dituzten jabe guztien hiru bostenak aldeko botoa eman beharko dute, eta, era berean, zuzeneko eraginpeko jabearen (halakorik baldin badago) onespena beharko da.

3.-  GEHIENGO SOILA:

Minusbaliotasuna dutenen irisgarritasuna edo mugikortasuna eragozten duten traba arkitektonikoak kentzeko helburua duten obrak egiteko edo zerbitzu komun berriak ezartzeko jabeen gehiengoaren aldeko botoa behar da, jabe horiek era berean partaidetza-kuotaren gehiengoa osatu beharko dute.

Kasu honetan, Batzordera ez doazen boskak baiezkotzat hartuko dira, betiere joan direnek hartu duten akordioaz informatu ondoren, hurrengo 30 egunetan ez badiote kontrakoa esaten komunitateko idazkariari.

Oro har, gainerako erabakietarako partaidetza-kuoten gehiengoa osatzen duten jabeen gehiengo soilaren botoa nahikoa izango da.

Dena den, azken balizko honetan, kontuan izan behar da Jabetza Horizontalaren Legean jasotzen den arabera, bigarren deialdian harturiko akordioak baliozkoak izango direla joan diren gehiengoak onartzen badituzte, betiere gehiengo honek kuoten erdia baino gehiago ordezkatzen badute.

4.-  GEHIENGO MURRIZTUA:

Arau orokor honi dagokionez, legediak erabaki-bloke bat aurreikusten du; erabaki horietarako nahikoa izango da jabeen eta partaidetza-kuoten heren baten gehiengo murriztua, eta honako hauekin lotutako erabaki guztiak izango dira: 


Telekomunikazio-zerbitzuak baliatzeko azpiegitura bateratuak instalatzea edo daudenak egokitzea (telefonia, Telebista, zuntz optikoa, etab.), eta eguzki-energia aprobetxatzeko sistema bateratuak edo pribatuak, edo energia-hornidura kolektibo berriak baliatzeko (gasa, etab.) azpiegiturak instalatzea; azken horiek edozein jabek eskatuta erabaki ahalko dira.

Gainera, zerbitzu horietara txertatzea borondatezko aukera dela aintzat hartuta, horiek instalatzeak eta mantentzeak eragindako gastuak horietan alta emateko eskatu duten etxepekoek bakarrik ordainduko dituzte; hala ere, geroago, zerbitzu horiek baliatzeko eskatzen duten beste etxepeko batzuk agertzen badira, zegokion garaian ordaindu beharko zuten zenbatekoa ordaindu beharko dute, legezko interesaren arabera behar bezala eguneratua.

JABEEN BATZORDEAREN AKTA

Batzarra egin ondoren, Akta idatzi beharko da, eta jabe guztiei bidaliko zaie, bileran parte hartu duten ala ez kontuan hartu gabe.

Gainera, Akta presidenteak eta idazkariak -presidentea ez bada- sinatu beharko dute, horrekin ados daudela egiaztatzeko, bilera egin eta hamar eguneko epean gehienez ere, eta horren ondoren, jabe guztiei bidaliko zaie.


Akta hori Batzordearen hurrengo bileran berretsi beharko da, eta, beraz, gai-zerrendaren lehen puntua izango da hori; era berean, zuzenketak egin behar badira, bilera hori izango da horiek egiteko unea.

Aktaren edukia:


Jabe guztiek, bilerara joan zirenek zein joan ez zirenek, informazioa zehaztasunez eta modu argian eta egiaztatzeko moduan jaso dezaten, bilera bakoitzaren Aktak honako informazio hau izan beharko du gutxienez:


  • Bileraren eguna, ordua eta tokia.
  • Deialdia egin du(t)en pertsona(k)
  • Deialdia ohikoa edo ezohikoa den
  • Lehen edo bigarren deialdia den.
  • Bertaratutako edo ordezkatutako jabe guztien zerrenda zehatza, eta baita horien partaidetza-kuoten batura ere.
  • Landutako gai-zerrenda.
  • Izandako eztabaidak eta hartutako erabakiak, eta baita erabaki bakoitzari eutsi dioten gehiengoak ere, horien alde eta horien aurka bozkatu duten jabeen izenak adieraziz, betiere erabakiaren behin betiko baliozkotasunari dagokionez datu hori garrantzitsua bada.

ERABAKIAK ALDATZEKO AUKERA:


Oso garrantzitsua da Akta jabeei bidaltzea eta dokumentu horretan bertaratutakoek landutakoa eta erabakitakoa benetan ondo adieraztea; izan ere, behar bezala deitu diren eta Batzarrean agertu ez diren jabeek Akta jasotzen dutenetik, hilabeteko epea izango dute hartutako erabakiren baten aurka izan dezaketen jarrera edo ezadostasuna adierazteko betiere erabaki hori jarraian aipatzen diren balizkoren batera egokitzen bada:

a) Jabetza horizontala osatzen duen tituluko edota komunitateko estatutuko arauak onartzea edota aldatzea.
b) Igogailu, atezaintza, zaintza edota interes orokorreko beste zerbitzuren bat jartzea edo kentzea. 
c) Higiezinean erabilera zehatza ez dutenen guztienak diren elementuen errentamendua.
d)  Minusbaliotasuna dutenen irisgarritasuna edo mugikortasuna eragozten duten traba arkitektonikoak kentzeko helburua duten obrak egitea edo zerbitzu komun berriak ezartzea

Hortaz, kasu hauetarako parte-hartzaileen kopurua oso txikia baldin bada edo bozketen emaitzak oso estuak baldin badira, bertaratu ez diren jabeek bileran izandako gehiengoak aldatu ahalko dituzte eta, horrekin, bileran hasieran izandako botoen norabidea.


Bestalde, hilabeteko epe horretan, ezadostasunak ez badira agertzen edo agertutakoak oso gutxi badira, hasierako erabakiak trinkoak eta behin betikoak izango dira. 

ERABAKIAK AURKARATZEA

Kasu honetan, kontua ez da erabakiek gehiengo nahikoak lortzen dituzten ala ez, baizik eta jabe batek edo gehiagok ulertzea hartutako erabakiren bat Legeari egokitzen ez zaiola edo interes partikular jakin batzuk nabarmen kaltetzen dituela edo logikaren eta etxepekotasun onaren oinarrizko arauak betetzen ez dituela, eta, beraz, horiek aurkaratzea erabakitzen dute. 
 
Aurkaratzea auzibidez egin behar da, eta Epai baten esku-hartzea eskatu behar da, hura izango baita horri buruzko epaia emango duena; hortaz, bide hori nahiko mugatua da eta ezin da nahiaren arabera edozein erabaki aurkaratu. 


Zein erabaki aurkara daitezke?

Jabeen Batzordeak hartu dituen eta auzibidez aurkara daitezkeen erabakiak honako hauek dira: 
 
a) Legez kanpokoak direnak, hau da, Jabetza Horizontala arautzen duten Legeen edo Erkidegoaren Estatutuen aurkakoak.

b) Jabe bati edo batzuei mesede egiten dietenak, eta, aldi berean, erkidegoko gehiengoarentzat oso kaltegarriak direnak.

c) Partikularki, jabe batentzat kalte larria eragiten dutenak, jabeak horiek jasateko arrazoirik egon gabe edo agintekeriaz hartu badira, jabeari legezko eskubideren bat kenduz.

Nork aurkara ditzake?


Edozein jabek aurkara ditzake, gastuetan duen partaidetza-kuota edozein izanik, baina, logikoa denez, Batzordeak hartutako erabaki bat ezin izango du aurkaratu horren alde bozkatu zuen jabeak, eta, beraz, jabeek honako kasu hauetan aurkaratu ahalko dute erabaki bat auzibidez: 

a) Erabakia hartu zen Batzarrean aurkako botoa eman zutela idatziz adierazi badute.

b) Erabakia hartu zen Batzarrean ez agertzeagatik edo ordezkatuak ez izateagatik botorik eman ez badute.

c) Bozkatzeko eskubidea bidegabeki kendu bazaie eta Batzarrean eskubide hori baliatzen utzi ez bazaie.

 

Zein baldintza bete behar dira erabaki bat aurkaratzeko?

 

Aurkaratu aurretik, eraginpekoak erabakiarekiko ezadostasuna eta aurkakotasuna argi eta garbi adierazi beharko dio idazki bidez presidenteari edo administratzaileari, bileraren Akta jaso eta hogeita hamar eguneko epean, eta bere erreklamazioa kontuan hartzen ez bada bakarrik hasi ahalko du auzibidea.

Horretaz gain, ezinbestekoa da Erkidegoari ordaindu gabeko zorrik ez izatea edo, zorrik baldin badu, horren zenbatekoa judizialki ordaindu izana, betiere aurkaratzeak zehazki gastuen partaidetza-kuotak ezartzeko edo aldatzeko Batzordeak hartutako erabaki batekin zerikusia ez badu.

 

Zeintzuk dira aurkaratu ahal izateko epeak?


Aurkaratze bat gauzatu ahal izateko honako epe hauek errespetatu beharko dira:

  • Legearen edo estatutuen aurkako erabakiak badira, urtebeteko epea izango da.
  • Gainerako kasuetan, epea hiru hilabetekoa izango da, eta horren ondoren ezin izango da aurkaratu. .

Epe horiek Batzarraren egunetik hasiko dira zenbatzen, betiere aurkaratzea aurkeztuko duen jabea batzarrera bertaratu bazen, edo, bestela, hartutako erabakiaren jakinarazpena bileraren Aktaren bitartez jasotzen duen unean hasiko dira zenbatzen.

Azken eguneratzea: 2009/11/27