Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Plan Zuzendaria 2013-2016

Aurreko planekin alderatuta, berriak alokairuaren eta birgaitzearen alde egiten du, krisiak baldintzatu duen merkatuaren beharrak asetzeko. Planaren datozen lau urteetarako aurrekontua 460 milioi eurokoa da.

Krisialdi ekonomikoak azken urteetako Euskadiren egoera aldatu du: lanari eusteko edo lana aurkitzeko eta hipotekaren ordainketari aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsona gehiago daude. Oztopo horiengatik guztiengatik, etxebizitzen erosketaren eskaera txikitu egin da eta saldu gabe dauden etxebizitzen eskaintza soberakinduna da.

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak oso kontuan izan du egoera berri hori plana idaztean. Funtsezko premisa batean oinarritu da: pertsonen duintasunaren balioa. Izan ere, bizitza nonbait egiteko leku bat merezi dute.

Ildo horretatik, planak gizartearen beharrak betetzeko etxebizitza babestuen parkea eraikitzea aurreikusten du. Askotariko erabilera-baldintzak eta formatu bakoitzerako neurri egokiak planteatu dira. Batez ere eraikitako etxebizitzen parkean gauzatuko dira jarduerak, eta etxebizitzak sortzeko eta kudeatzeko eredua aldatzea eragingo da. Hala, egoera ekonomikoaren ondoriozko gizarte-larrialdiei arreta berezia jarriko zaie.

Horretan oinarriturik, etxebizitzak jabetza-erregimenean eman ordez, alokairuari lehentasuna emango zaio, eta eraikitako etxebizitzen birgaitzea,berritzea eta leheneratzea sustatuko ditu, batez ere, jasangarritasunarekin eta energia aurrezteko jarduerekin lotuta. Halaber, etxebizitzaren arloko erakunde eta eragile guztien lana koordinatu nahi du, eta ildo estrategikoetako bat gazteei etxebizitza bat lortzeko aukerari eskainiko dio, gazteentzako alokairua eta babes finantzarioa emanez.

Planaren ekintza gehienak alokairu-erregimena sustatzera zuzendu dira; beraz, jabetza-erregimeneko soberakinak alokairura edo antzekoetara bideratuko dira. Alokairua da aukerarik bideragarriena etxebizitza-eskatzaile askorentzat. Horregatik, planaren indarraldiko helburuak betetzeko 460.383.933 euroko aurrekontutik % 25 alokairua sustatzera bideratuko da.

Azkenik, planak hutsik dauden etxebizitzen gaineko jarduerak aurreikusi ditu. Babestutako alokairura bideratu nahi ditu, Bizigune programaren eta merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren (ASAP) bidez, besteak beste.

Informazioa gehiago

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eraikinak birgaitzeko eta hiria berritzeko plana egin du. Horri esker, hiriguneak berritu ahala, etxebizitzen eskaintza areagotuko da, parke eraikia eraberrituz.

Eraikinak birgaitu eta hiria (auzoak eta hiriak) berritzeko politika honen helburua etengabe kontserbatu eta uneoro hobetzea da eta arreta berezia jartzen du gizartean.

Etxebizitzen parke eraikiaren zati handi batek, bi heren inguruk, zaharkitze-maila eta modernizazio-behar handiak ditu honako alderdietan: irisgarritasuna, instalazio teknikoak, inguratzailearen eraginkortasun energetikoa, bizigarritasun-baldintzak edo/eta segurtasun-baldintzak. 326.000 etxebizitza baino gehiago barne hartzen dituzten 80.000 eraikin inguruk 50 urtetik gorako antzinatasuna dute.

Sailaren ustez beharrezkoa da hiria berritzeko politikari orientazio berria ematea. Horretarako, esku-hartze sistematiko koherentea eta jarraitua planteatu du eta hiria berritzeko ekintzetan benetako esperientziak garatu nahi ditu. Nahitaezkoa da tramitazio konplikatu eta luzea eragiten duten administrazio-prozedurak berrikustea; laguntza desberdinen arteko deskoordinazioa eta leihatilen sakabanatzea saihestea; lurraldearen estaldura ez-parekidea konpontzea; zerga-tresnen eragin urriari buruz eztabaidatu eta adostasunak lortzea; diru-laguntzen politika berrikustea, orokorregia delako, eta legezko esparrua berrikustea, kudeaketa-tresnak eskasak direlako edo falta direlako.

Bestalde, birgaitzeko politikak Birgaitze Sozietateak bezalako balioak eta 25 urteko esperientzia ditu; ingurumen-kontzientzia geroz eta handiagoa du edo birgaitzeko beharra aitortzen du, Sail honek planteatutako premiazko behar honekin bat datozen sektore inplikatu guztiek bezala.

Izan ere, egungo eraikuntzaren konfort- eta egokitasun-maila eraikuntza berriei eskatzen zaien betekizunetara iristen bada, eraikuntza berriko etxebizitzen eskaria jaisteaz gain, egungo parkerantz bideratuko da.

Ildo horretatik, irisgarritasuna eta inguratzaile termikoa hobetzeko neurrietan esku hartzeak, besteak beste, nahikoa murrizten ditu osasun eta gizarteko arreta-beharrak eta mendetasuna, eta, era berean, eraikin horietan bizi diren pertsona nagusiei autonomia handiagoa ematen die.

Halaber, egungo eraikuntzan (1980tik aurreragokoa) esku hartzea xede ukaezina da, CO2 isuriak % 20 murrizteko, energiaren kontsumoa % 20 jaisteko eta energia berriztagarrien erabilera % 20 igotzeko 2020rako.

Baina, horretarako, diru-laguntzak eta bestelako laguntzak ez dira nahikoa, beharrezkoa da administrazioaren jarduera subsidiariorako aukera ematen duen legezko markoa izatea eta egoera ondo ezagutzea. Horregatik, hain zuzen ere, sartu dira esku hartzeko mekanismo berriak etxebizitzari buruzko legearen aurreproiektuan.

Hori horrela, eraikin, eraikin-multzo edo hirigunearen “birgaitze-beharra” aitortu da, jabeen eta jabe-erkidegoen kontserbazio-, hobekuntza-, eta birgaitze-beharra ezarri da, jabari publikoaren okupazioa baimendu da irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, bizigarritasuna, funtzionaltasuna edo segurtasuna bermatze aldera, hirigintzako parametroen ondoriozko mugak aplikatu beharrik gabe, eraikinen Ikuskapen Teknikoa arautu da, ondare eraikiaren funtzio soziala ezarri da eta berau betetzeak administrazioaren esku-hartzea ahalduntzen du, eta abar.

El coste total de las actuaciones será de 26,66 millones de euros este año y en el período comprendido entre 2010 y 2013 será de 139,83 millones.

Planaren aurreikuspenen arabera, honako emaitza hauek bete behar dira 2010 eta 2013 urteen arteko laurtekoan:

  • 2011. urtean, 17.400 etxebizitza birgaituko dira, eta, laurtekoan, guztira, 70.500 etxebizitza. Horietatik 2.400 etxebizitzak elementu komunen birgaitze integrala jasango dute, inguratzaile energetikoaren hobekuntzari nahiz irisgarritasun-baldintzei eraginez.
  • Berriztatzearen bidez, 8.730 etxebizitzatan murriztu nahi da etxebizitza berrien beharra.

Etxebizitza hutsa

Jaurlaritzaren asmoa neurri horien bidez herritarrek etxebizitza duina izatea eta beren bizi-baldintzak hobetzea da, baina, aldi berean, etxebizitza hutsa mobilizatu nahi du.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Estatistika Organoak 2009ko Etxebizitza Hutsari buruz egindako Estatistikako azken datuen arabera, 2009an 74.289 etxebizitza huts zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan.

Inkesta horren ondorioetarako, bigarren egoitzek huts gisa sailkatzen diren etxebizitza guztien % 40 osatzen dute. Hau da, 29.511 etxebizitza dira bigarren egoitzakoak edo aldi baterakoak. Horrenbestez, Euskadin bizilagunik gabe dauden etxebizitzak 45.000tik behera dira guztira, hots, erroldatutako parkearen % 4,6.

Etxebizitza huts guztien % 17 eskaintzan dago, bai alokatzeko, bai saltzeko. Hori dela eta, kudeatu daitezkeen etxebizitzen kopurua, edo, bestela esanda, bizilagunik izan ez baina saltzen edo alokatzen ez diren etxebizitzen kopurua, 31.000 ingurukoa da.

Eremuen araberako erabilerei dagokienez, etxebizitza hutsen % 21 (hau da, 15.623 etxebizitza) 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan daude eta % 12, aldiz, 2.501 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietan.

Ondorioz, udalerri handietan, eta, bereziki, hiru hiriburuetan dagoen etxebizitza hutsen kopuru baxua oso esanguratsua da. Izan ere, etxebizitza hutsen % 8,5 (13.730 etxebizitza) soilik daude hiriburuetan. Vitoria-Gasteizen etxebizitza guztien % 4,63 (4.674) osatzen dute, Donostian % 4,3 (3.578) eta Bilbon proportzioa % 3,6koa da (5.519).

Baina azpimarratzekoa da, batez ere, etxebizitza hutsen % 82 1985 baino lehenagokoak direla eta horietatik % 50 1965 baino lehenagokoak eta % 25 1959 baino lehenagokoak.

Ondorioz, etxebizitza zaharrak dira eta, askotan, ez dira egungo beharretara eta familia-ereduetara egokitzen. Orokorrean, etxebizitza ertain edo txikiak dira, baina gela asko dituzte. Etxebizitzen ia erdiak bost gela edo gehiago ditu, eta, beraz, prezioak eta gelak ez dira eskarira egokitzen.

Horrenbestez, datu horiek berretsi egiten dute Etxebizitza Saila jorratzen ari den politika, etxebizitzen birgaitzea sustatzeko. Hiria berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntza eta programen bidez, egungo higiezinei balioa eman nahi zaie, etxebizitzak erakargarri bihurtzeko eta alokairu eta erosketen merkatura ateratzeko.

Azken aldaketako data: 2016/12/15