Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Argitalpen-data: 2014/03/18

Euskadiko Eraikuntza Obretan Kalitate Kontrola Kudeatzeko tresnaren bertsio berria

Eraikuntzako kalitate-kontrola kudeatzeko KKK tresna informatikoa da. Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargoak egin zuen Saiateken lankidetzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren onespena lortu zuen, Eraikal programarako emandako diru-laguntzaren bidez. Lan guztia Gaztela eta Leongo Eraikuntza Institutuan egin zen, baita ondorengo berrikuspenak, mantentze-lanak eta laguntza teknikoaren zerbitzua ere.

Eraikuntzako araudia etengabe aldatuz doa. Horrexegatik, aldaketa horiek guztiak aplikazioan jaso behar dira, aplikazioak bere helburu nagusia bete dezan: araudia betetzen dela ziurtatzea.

2008ko azaroan argitaratu zenetik, hainbat eguneratze eta berrikuspen egin dira, eta hainbat bertsio sortu dira. Azken bertsioa 2.2.0 zen, 2011ko azaroan argitaratua. Bertsio horretan, Europako Eraikuntza Produktuei buruzko Araudian egindako aldaketen lehen egokitzapen bat egin zen (araudia 2011ko martxoan argitaratu zen), eta sistemaren funtzionaltasun batzuk berrikusi ziren.

Oraingo bertsioan (urtarrilaren 23koa), orain arte araudian egindako aldaketa guztiak jasotzen dira, eta programa erabiliz detektatu diren hobekuntza batzuk egin dira, eraginkortasuna hobetzeko eta erabiltzaileari lana errazteko. 2.3.0 bertsioa da oraingoa, eta alderdi hauek jasotzen ditu:

  • Egituretarako Altzairuaren Jarraibidea laguntza-koadroekin.
  • Energia-efizientziari buruzko alderdiak.
  • Saiakuntzetako UNE arauen eguneratzea.
  • Prezio-oinarriaren eguneratzea.
  • Europako Eraikuntza Produktuen Erregelamenduaren memoriaren eguneratzea eta bildu beharreko dokumentazioari buruzko zerrenden berrikuspena.
  • Aplikazioaren funtzionamendu orokorreko aldaketa txikiak.

Tresna honekin, sektoreko profesional guztiek modu ordenatuan eta formatu digitalean kudeatu ahalko dute obraren kalitate-kontrolari buruzko dokumentazio osoa, eta aukera izango dute kalitate-kontrolaren plana egiteko —proiektuaren parte izan behar du—, baita obra egiten den bitartean kalitatea kontrolatzeko ere: materialen kalitatea, obra-unitateen gauzatzea eta kalitatea, kalitate-kontrolaren liburua. Hori guztia 2014ko urtarrilean indarrean jarri den araudiaren bat etorriz.

Azken lan hau ere Eusko Jaurlaritzak emandako Eraikal laguntzei esker egin da; zehazki esateko, Eraikal-13 izenekoari esker.